Euskaraldia: Prentsaurrea Lizarraldean aurkezteko

Euskaraldia

hizkuntza ohiturak aldatzeko herri ekimena

Atzo, ekainak 20, prentsaurrea egin genuen San Martin plazan Lizarraldeko eta Izarbeibarko Euskaraldia aurkezteko. Hemen argazki galeria eta hemen «‘Euskaraldia’ continúa el camino para avanzar hacia nuevos hábitos lingüísticos» albistea Diario de Noticiasen.

  • Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra izanen da, 11 egun euskaraz lelopean.
  • Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, horretarako, gure herriak bilakatu nahi ditu euskara erabiltzeko leku eroso eta atsegina. Hortaz, Euskaraldia ez da euskararekiko atxikimendua adierazteko kanpaina huts bat, euskararen erabilera handitu nahi duen “entrenamendua” baizik.
  • Azken bi urteetan hainbat herritan martxan jarri diren dinamikak euskararen lurralde osora zabaldu nahi dira. Honela, adibidez, Lizarran 2017ko azaroan antolatu zen Euskararen Maratoian 305 lagunek euskara erabiltzeko konpromiso pertsonalak hartu zituzten. Konpromiso hauek honako roletan egin ziren ikusgarri: Ahobizi, Belarriprest eta Bihotzgoxo.
  • Une honetan 350 udalerri baino gehiagotan hasi gara ekimenean lanean, haietako batzuk geure eskualdean: Lizarra, Deierri, Irantzu eskualdea, Gares, Viana, Mendabia, Lodosa, Andosilla eta Sartaguda. Herri batzuetan jada aurkezpenak egin dira, herri argazkiak Andosillan eta Villatuertan, eta datorren uda zein udazkena prestatzen ari gara.
Euskaraldia Euskal Herrian, Lizarraldeko eta Izarbeibarko herriak nabarmenduta

Euskal hiztunen aktibazioa helburu: “11 egun euskaraz”

Protagonistak euskaraz hitz egiten edo ulertzen duten pertsonak izanen dira. Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena aldi berean Euskal Herri osoan gauzatuko den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izanen gara herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izanen da.

Herritarren izena emateko aukera irailaren 20tik aurrera izanen da, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek Ahobizi edo Belarriprest modura egin ahalko dute.

Aurrekariak eta xedeak.

Euskaraldia antzeko aurreko ekimenetatik sortzen da, 2016tik aurrera hogei bat herritan egin dira, honela 2017an besteak beste Euskararen Maratoia (Lizarra), 75 ordu euskaraz (Agurain) edo Baietz 40 egun euskaraz (Lasarte). Dinamika hauetan herritarrak izan dira protagonistak.

Azken neurketek (VI Inkesta Soziolinguistikoan eta 2011ko erroldan) baieztatzen dute ulermena eta euskararen ezagutza Lizarrerrian handitzen ari direla: gero eta jende gehiago gai da euskaraz komunikatzeko eta, halaber, handitu egin da euskara ulertzeko gai direnak. Honela, 2011ko erroldari kasu eginez, Lizarrerrian soilik (Merindadearen iparraldea), 3.830 lagun gai ziren euskaraz komunikatzeko eta beste 4.031 lagunek euskara ulertzen zuten. Guztiak Ahobizi eta Belarriprest potentzialak.

Hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika linguistiko berriak bultzatzeko ekimen honek, Euskaraldiak, testuinguru horretan jokatuko du. Horretarako beharrezkoa izanen da prestakuntza (udazkenean prestakuntza tailerrak eskainiko dira) eta aldeko giroa piztea (irailetik aurrera egon adi!)

Iaz Lizarrerriko 305 lagunek euskararen erabilerarako konpromiso pertsonalak hartu zituzten asteburu oso batean. Aurten zenbaki hori gainditu nahi dugu, bai konpromisoen aldetik eta baita egunen aldetik ere. Bide onean goaz herri berriak batu baitzaizkigu eskualdean ekimenera.

Itzaletan, prentsaren galderei erantzuten

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena