2017ko Euskararen Maratoia Lizarran
Euskararen Maratoia, armairutik irtetearen ideia, eta Ahobizi/Belarriprest-en iruditegi osoa ere Lasarte-Oriakoak ditugu; berez, han jada 9. Euskararen Maratoia egina dute. Ideia ederra eta arrakastatsua izanik, geure herrira ekartzeko aukera bertako mintzakide talde batek Euskal Herriko V. Euskararen Ginkana irabaztean sortu zen.
Beraz, legamiaren osagai guztiak genituen opil goxoa egiteko: E.H.ko ginkana irabazita, finantziazioa; Lizarrako 24 orduen eta Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketen aurrekariekin, esperientzia; eta Lasarte-Oriak utzitako irudi, testu eta ideiekin, ideia-iruditegi oinarri sendoa. Honela, Lizarran Euskararen Maratoi xumeagoa antolatzera animatu ginen. Hori bai, gurera Bihotzgoxoren rola gehituz.
Proposamen hau herri-erronka izan da, Lizarrerrian euskara gehiago hitz egitea nahi duten guztiei zuzendua. Batzuei, hizkuntzaren armairutik ateratzea proposatu zaizue, eta besteei, armairutik atera diren horiek animatzea eta laguntzea. Erronka Euskararen Maratoiarekin batera gauzatu zen: 2017ko azaroak 17, 18 eta 19.
Euskararen Maratoian egitarau aberatsa antolatu genuen. Horrekin helburu genituen jai giro aparta izatea eta hizkuntzaren armairutik ateratzeko baldintza erosoak sortzea.
Zer da hizkuntzaren armairutik ateratzea?
Euskara gehiago erabiltzea, eta horretarako egunerokotasunean hizkuntza ohitura berriak eskuratzea. Honela, hiru rol behar ditugu:
Baietz 150 Ahobizi!
Euskarazko jokaera aktiboa hartuz, armairutik aterako diren herritarrak dira. Asteburuan euskaraz egingo diote ulertzen duenari.
Baietz 300 Belarriprest!
Ahobizien euskarazko aktibotasuna ondo hartzen dutela adierazi duten herritarrak dira, hau da, dakienari euskaraz aritzeko gonbitea egingo diote.
Baietz 200 Bihotzgoxo!
Ahobizien euskarazko aktibotasuna ondo hartzen dutela adierazi duten herritarrak dira, ulertu ez arren euskara hitz egitea erraztuko dute haien jarrerarekin.
2011ko erroldari kasu eginez erronka lorgarria dela uste dugu: Lizarrerrian hamasei urtetik gorako ia 3.000 euskaldun ziren eta beste hiru mila pasak euskara maila batean edo bestean ulertzeko gai zirenak.
Erronkan parte hartzeko baldintzak hauek ziren
- Lizarrerrian jaio, bizi edo lan egitea.
- 16 urtetik gorakoa izatea.
- Izena ematea (Hiruorrikoa edo maratoializarra@gmail.com).
Argibideak: www.kotarro.eus, maratoializarra@gmail.com edo Lizarrako udaleko euskara zerbitzura (948 54 82 02) zein Irantzu Mankomunitateko euskara zerbitzura (622 154 523) deituz.
2017ko Maratoiaren argazki bilduma, bideoa eta balorazioA hemen: