Egunotan iragarri dute datorren urteko Nafarroa Oinezen leloa: Herritik errotik.
Berria egunkariak Lizarrak hartuko du 2027ko Nafarroa Oinez, ‘Herritik errotik’ lelopean artikuluan jaso bezala, «auzolana eta herrigintza» izanen ditu aldarri 2027ko urriaren 17an ospatuko duten Nafarroa Oineza. Eta, bestalde, Oinezaren webgunean honako albiste honetan eman dituzte xehetasunak: Lizarra Ikastolak auzolana eta herrigintza aldarrikatuko ditu Oinez 2027 jaialdian, ”Herritik errotik” lelopean.
Ez da lehen aldia Lizarra Ikastolak festa hau antolatzen duena, izan ere lautan egin dute jada: 1985ean, 1990ean, 2004an eta 2020-2021ean. Berrian jaso bezala, “Azken horrek aho zapore gazi-gozoa utzi zien antolatzaileei: 2020an ospatzekoa zen, baina urtebete atzeratu zen, COVID-19aren izurriaren ondorioz”, eta erdipurdi antolatu ahal izan zen ezarritako mugak direla medio.
Leloaren azalpena:
Oinez, herritik errotik leloarekin honakoa esan nahi da: «Herritik, herriak sortu gintuelako; errotik, sustrai sakonak ditugulako; eta Oinez, aurrera egiten jarraitu nahi dugulako». Mezu horren bidez, antolatzaileek ikastolen mugimenduaren izaera komunitarioa nabarmendu nahi dute, baita euskarak Lizarrako eta Nafarroako eguneroko bizitzan gero eta leku handiagoa izateko duten konpromisoa ere.
Logotipoaren azalpena:
Logotipoak zortzi puntako izarra du protagonista, Lizarraren historian eta nortasunean sakon errotutako elementua. Hiriko armarri zaharrean ez ezik, zigiluetan, pergaminoetan, harresietan eta hainbat eraikinetan ere agertzen den ikurra da. Diseinuan, Oinez hitzak hartzen du protagonismoa, O hizkia izar bihurtuta. Kolore gorrixkek udazkena, lurra eta Lizarrako paisaian bereizgarria den zumakea ekartzen dituzte gogora.
Izar uxoak, berriz, desio bat irudikatzen du: euskararen egoera errotik irauli, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta hizkuntzari eguneroko bizitzan gero eta leku handiagoa egitea.
Helburuak: Instalazioak berritu eta etorkizuna sendotu
Lortutako baliabideak zaharkitutako espazioak egokitzera, energia-eraginkortasuna hobetzera eta ikastola jasangarriagoa izateko inbertsioak egitera bideratu nahi dira. Era berean, jolastokia espazio berdeago, hezigarriago eta atseginago bihurtzea da asmoa; haurren jolasa eta elkarbizitza sustatzeko. Espazio hori, orain arte bezala, Lizarrako herritar guztientzat irekita jarraitzea nahi dute antolatzaileek.
Horrez gain, etekinen zati bat Ikastolaren zorpetzea murriztera bideratuko da, egonkortasun ekonomikoa indartu eta euskarazko hezkuntza-proiektuaren etorkizuna bermatzen laguntzeko.




