Euskaraldiaren aurkezpena: baietz Lizarraldean 11 egun euskaraz!

Datorren asteartean, otsailak 13, La Bota Peñan (ez elkartean) 18:00etan, Euskaraldiaren asmoak aurkeztuko dute Lizarran. Euskaraldia Nafarroan koordinatuko duen Topaguneko kideetako bat etorriko zaigu egitasmoa zertan den azaltzera eta egitasmoak Lizarraldean zer forma har dezakeen solastuko dugu. Euskaraz Bizi Nahi dut lasterketak, 24 ordu euskaraz, Euskararen Maratoia… hona dator Euskaraldia!

Oraingo honetan, protagonistak Ahobiziak (“Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet“) eta Belarriprestak (“Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut“) izanen dira. Geure harreman hizkuntza-ohiturak aldatuz euskara gehiago erabiltzera eraman nahi gaitu egitasmoak, nola? Bi rol hauek modu indibidualean norberak bere eginez, ekimen kolektibo baten parte izanik (Euskaraldia) eta epe jakin batean (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) gauzatuz.

Zalantzarik gabe, Euskal Herriko hamaika lekutan bezala, geure eskualdean bidearen zati bat egina dugu, azaroko Euskararen Maratoia horren lekuko:

Eus Maratoia

Euskaraldiaren gako batzuk:

  • Ez da ekimen isolatua, aldi berean Euskal Herri osoan.
  • Azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko da.
  • Protagonistak Ahobizi eta Belarriprestak izanen dira.
  • 16 urtetik gorakoentzat.

Eta helburu nagusiak:

  • Inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
  • Euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea.
  • Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago egitea.
  • Euskara erabiltzeko egoera erosoagoak sortu.

Euskaraldia. Zer egingo dugu?, Euskaralditik Vimeon

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena