2019ko eskolatze kanpaina: Lizarraldeko eskoletan #UrrutiraGoaz

Urtero bezala otsaila hasieran izan da eskoletako aurrematrikula garaian. Gurasoek aukera anitza dute haien seme-alaben hezkuntzarako, eskola tamaina (ikastetxe handiak Lizarran, landa eskolak herrietan), eskolaren titularitatea (publikoa, kooperatiba, pribatua…) eta hizkuntza eredua (euskarazko eredua, D, euskara ikasgai duena, A, eta euskararik ez duena, G). Neurri handi batean ingelesa jada ez da hautua, eskola eredu guztietan indartua baitago.

2019ko aurrematrikula kanpainaren bereizgarria izan da Udalek zabaldutako #UrrutiraGoaz kanpainara batu direla hainbat guraso talde eta eskola. Eskola-sare bakoitzak bere kanpainari dagozkion indargune eta bereizgarriak nabarmendu arren, batu egin gara euskarazko murgiltze ereduaren alde egiteko.

Hain zuzen ere, otsailaren 6an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen MUSUA emanaldian agerian geratu zen euskarazko hezkuntza hautatzen duten gurasoek komunitate sendo, ireki eta aktiboa izanen dutela lagun haien seme-alaben hezkuntza prozesuan.

Lehen datuen arabera, badirudi aurrematrikula datu onak izanen ditugula aurten. Nafarroako Ikastolek % 5 egin dute gora iazkoaren aldean eta Lizarraldekoek 64 aurrematrikula izan dituzte (Lizarra Ikastola 47, Erentzun 13, Ibaialde 4), iaz baino hiru gutxiago, egonkor beraz.

Bestalde, Lizarrako beste eskolen artean Remontivalgo D ereduak emaitza ona izan du, bi lerro izanen baititu aurten ere 32 aurrematrikularekin. Azkenik, inguruko landa eskolen datuak biltzeko badaude ere, Antzinen 7 aurrematrikula, Abartzuza/Lezaungo eskolan 5, Ameskoan 3 eta Allon 1.

Jarraian D ereduaren aurrematrikula datuak Lizarra eta inguruko landa eskoletan. Iazko aurrematrikula datuekin Lizarra eta Estellerria, D ereduaren zabalpena landa eskoletara 1+1=? artikulua idatzi genuen. Bertan aipatzen genuen euskarazko eredua 2015etik landa eskoletara zabaltzen hasi izanak “D ereduaren aniztasuna handitu du, eskaintza aberastu du”.

Halaber, jaiotze-tasa txikitu den garaian euskarazko ereduek haur kopurua handitu egin dute. Adibidez, 2018ko aurrematrikulan Lizarra eta Aiegiko eskoletan 189 haurrek eman zuten izena (%43,4 euskarazko murgiltze ereduan) eta aurten 176k (%44,9 euskaraz). Lizarrako D ereduek: Ikastolak eta Remontibalek ongi eutsi diote jaiotze-tasaren murrizteari eta landa eskolen euskarazko hezkuntzaren eskaintza berriari.

Azkenik, aipatzea 2017, 2018 eta 2019 urteetako aurrematrikuletan azken bi hamarkadotako haur kopururik handienak izan ditugu eskualdeko D ereduetan (Lizarra, Ameskoa, Abartzuza/Lezaun, Allo eta Antzin); hurrenez hurren 96, 103 eta 95 haur.

Abartzuza eta Lezaungo eskolen ekimena

Lizarra Ikastolako gurasoen bideoa

Remontibalgo D ereduko gurasoen bideoa

MUSUA emanaldian argazki galeria

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena