[Argazkiak eta Bideoa] Abartzuza eta Lezaungo eskolekin #UrrutiraGoaz

Abartzuza eta Lezaungo eskoletako komunitateak (haur, guraso eta irakasle) ekimen ederra gauzatu zuen joan den asteazkenean. Eguraldi kaxkarrari aurre eginez euskarazko murgiltze ereduaren aldeko #UrrutiraGoaz kanpainarekin bat egin zuten.

Bi eskoletako kideak elkartu ziren Abartzuzako pilotalekuan eta bertako zoruan klarionaz marrazki ederrak egin zituzten: haurren imaginazioa hegan, kapa zein alfonbra magikoan; txikiak pinpilinpausa bilakatuta edo izarretara eta ilargira igota; airetik emeki-emeki jausten paraxuta lagun… Ondoren modu askean marraztu ahal izan zuten, sormen libreko tartean eta gurasoen laguntzaz hamarretakoa ere hartu zuten goxo-goxo herriko ludotekan elkartuta.

Datorren ikasturtean eskualdeko eskola berria izanen dute, eraikin berria eta proiektu zirraragarria. Hori dela eta, bi eskoletako komunitateek eskualdeko haurrak bertan izena ematera gonbidatzen dute datorren asteko aurrematrikula garaian (otsailaren 4tik 8ra): “Aspalditik gatoz eta #UrrutiraGoaz, eman izena D ereduan, etorri gure eskola berrira!”

Ekimenaren bideoa

Argazki galeria:

#UrrutiraGoaz kanpaina

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena