Lizarra eta Estellerria, D ereduaren zabalpena landa eskoletara 1+1=?

Azterketa txiki honen xedea bikoitza da, batetik argitzea Lizarra inguruko landa eskoletara D eredua zabaldu izanak eragin ote dien Lizarrako ikastetxeei eta, bestetik, Lizarraldeko euskarazko matrikulazioak 1 + 1 = 0, 1 edo 2 egin duen. Horretarako azken 18 urteotako matrikula eta aurrematrikulatzeak (Lizarra/Estellerria banatuta), 15 urteotako Estellerriko 0-4 adineko haurren bilakaera, eta Lizarrako ospitaleko 10 urteko jaiotze-tasa aztertu dira.

Zenbait ohar:

  • Abartzuza, Ameskoa eta Lezaungo eskolek 2015ean ekin zioten formalki D ereduari. Urte hartan hainbat ikaslek eman zuten izena D ereduan, batzuek matrikula berria (3 urtekoak) eta besteek eredu aldaketa eginez. Soilik matrikula berria egin duten haurrak hartu ditugu kontuan. Gauza bera egin dugu 2017ko Allo eta Antzingo eskolekin (orduan abiatu baitziren).
  • Merindadeko beste hiru murgiltze ereduak ez ditugu kontuan hartu: Viana eta Lodosako ikastolak, eta 2016an abiatutako Lodosako eskola publikoa, uste baitugu Lizarra/herrien dinamikari ez diotela ia eragiten. Bestalde, Estellerriko mugan dauden hainbat herritan beste D eredu batzuetara joan izan ohi dira: Ameskoatik Agurain eta Sakanara; Kabredo, Genevilla, Zuñigatik… Kanpezura; Ziraukitik Garesera…
  • Biztanleria datu orokorra “2000 Zonifikazioa” eskualdekatzeari dagokio. Hortaz, ez du erabat bat egiten gure azterlanaren eskualdearekin (Vianako eremua ere hartzen baitu), baina, halere, biztanleriaren joera islatzeko nahikoa ematen du.
  • Halaber, Lizarrako ospitaleko jaiotza-tasak ere joera demografikoa emanen digu.

Ikus daitekeen bezala, gorabehera handiak izan ditu D ereduaren HH1 mailako aurrematrikulak/matrikulak. Batzuetan eskaintzan eman dira aldaketak (ingeles programak, D eredua herrietara), besteetan demografiak agindu du (aldaketak jaiotza-tasan, biztanleria berriaren etorrera…) eta bestelako faktoreek ere eragin izan ahal dute (Nafarroako joera orokorrak, unean unekoak…).

Urdinez, Lizarrako bi D ereduetan urtez urte eman den HH1 (aurre)matrikula kopurua (Lizarra Ikastola eta Remontibal I.P.), gorrixka landa eskoletan eman dena (2015etik Abartzuza, Ameskoa eta Lezaun; 2017tik Allo eta Antzin). Kopuru absolutuetan, nabarmentzekoa iazkoa eta aurtengoa izan direla inoiz Estellerrian eman diren matrikulatze daturik onenak, hurrenez hurren 96 eta 103.

Baina, gorakada honen zergatia soilik eskaintza zabaldu izanaren ondorio da? Zer dio demografiak, guztira zenbat 3 urteko haur zegoen? Datu hori ezin izan dugu bildu, baina joera ezagutzeko bi datu-bilduma egin ditugu:

Grafiko honetan ikusgai dugu 2007 eta 2016 urte bitartean Lizarrako ospitalean jaiotako haurren kopurua (Iturria: “El número de nacimientos tiende al repunte en el hospital de Estella“). Nabarmentzekoa 2007-2010 bitartean batez besteko 500 jaiotza izan zirela, 2011-2016 bitartean, aldiz, 421. Hau da, %16 inguru gutxitu dira jaiotako haurrak.

Jaiotza-tasarik txikiena 2014an eman zen (2017an eskolatuko ziren haur hauek). Hortaz, azken hamar urteotako jaiotza-tasarik txikiena izan zuen belaunaldian, 2014koan, ordura arteko inoizko haur kopururik handiena aurrematrikulatu zen euskarazko murgiltze ereduan: 96 haur 2017an. Gainera, hurrengo aurrematrikulaldian, 2018an, kopuru hori handitu eta lehen aldiz ehun ikasleren langa gainditu zen: 103 hain zuzen ere.

Nahiz eta litekeena den hein batean Lizarrako I.P.an eragin izana (batik bat Abartzuza, Allo eta Antzingo eskoletan D eredua sortu izana), aldi berean herri horietan D eredura familia berriak batu dira beste era batera eginen ez zutenak. Lizarrako 2015eko apalaldi txikia eta gero urtez urte goraka egin du, eta hori jaiotze-tasa %16 gutxitu den testuinguru batean.

Landa eskolek Lizarrako zentro handiek eskaini ezin dituzten ezaugarri batzuk dituzte (eta alderantziz): hurbiltasuna (KM gutxiago), herrian bertan errotzea, ikastalde txikiak, herrien despopulazioari aurre egitea (funtsezko zerbitzua mantendu, komunitatea indartu…). Alde on eta txarrekin, landa eskola batek berezko ezaugarriak ditu, eta ez soilik hezkuntza aldetik. Honek, beraz, D ereduaren aniztasuna handitu du, eskaintza aberastu du (zentzu kuantitatibo eta kualitatiboan).

Landa eskola aldarrikatzen

Eskaintza handitu/hobetu da eta badirudi gurasoek erantzun dutela: Landa eskoletara zabaldu izanak 1 + 1 = 2 egin du, 2015 eta 2016 urteetan %17 eta %14, 2017 eta 2018an %21 eta %20 (Allo eta Antzin gehituta). Beraz, une honetan %20 inguruko ekarpena egiten diote Estellerriko landa eskolek euskarazko hezkuntzari. Hainbat gurasorekin izandako elkarrizketetik eta zenbait familien egoeragatik (eskola berean anai-arrebak hizkuntza-eredu ezberdinetan), ondoriozta daiteke hauetatik askok, D eredua nahi arren, hobetsi dutela herrian eskolatzea eta, beraz, litekeena dela ekarpen kuantitatiboa +%10/20 artean izatea. Horri gehitu behar zaio landa eskolek herrietan duten prestigioa eta erreferentzialtasuna, kualitatiboki neurtzen zaila den ekarpena egiten diote euskararen transmisioari.

Euskarazko hezkuntza zabaldu izana ez da kasualitatea, ezta batzuek aipatu duten “oportunismo” politikoa; batetik, justu kontrara, epika kontua izan da zenbaitetan (“D ereduaren epika” Argian, Lizarratik Villatuertara zonifikazioaren aurkako martxa, Legebiltzarkideen bisita Abartzuzako eskolara…), hau da, “oportunismo politikoa” izan da galga edo horma; eta, bestetik, eskualdean aspaldi ari da gertatzen aldaketa soziolinguistikoa, zailtasunak zailtasun. Azken honen adibide Kotarroren 35 zenbakian (2016koa) esaten genuena, “Euskarak Lizarratik herrietara jauzi” egiten ari zela: “1991n Lizarraldeko euskaldun eta ia euskaldunen 10etik 7 inguru Lizarrakoa zen, 2011n 10etik 4 ‘soilik’ bizi da Lizarran“.

Euskararen transmisioak Lizarrako irradiazio gune sendoa bezain beste behar ditu nodo txikiagoak, honela beste era batera euskaraz ikasiko ez luketen haurrei aukera ematen zaie Nafarroako egungo bi hizkuntzetan hazteko eta instituzio erreferentzial berriak batzen zaizkio euskararen transmisioaren erronkari.

Datu osagarria: 0-4 adineko haurren kopurua Estellerrian (Iturria, Nafarroako estatistika Institutua). Lizarrako ospitalaren jaiotza-tasaren joerarekin bat egiten du. 2010eko hamarraldian sartu eta berehala haur txikienen kopurua txikitzen hasi zen.

1 IRUZKIN

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena