Udal hauteskundeak gainean ditugu eta Lizarrako hautagaiei galdetegi laburra bidali diegu, Contigo-Zurekinek, EH Bilduk, Geroa Baik eta PSN-k erantzun dute. Honako artikulu honetan EH Bilduren zerrendaburuaren erantzunak, Mikel Kolomo Gurbindorenak.
Galdetegia:
- Lizarrak dituen arazoak eta beharrak kontuan hartuz, zer egingo zenuke alkatetza eskuratuko bazenute?
- Zein balorazio egiten duzue orain arte euskararen alorrean Udaletik egin diren politiken inguruan? Eta zer proposamen duzue 2023-2027 legealdirako?
- Kotarroren irakurleak euskaldunak dira, euskaraz jo nahi badute zuen udal taldearengana, norengana egin dezakete?
Mikel Kolomo Gurbindo
Estella-Lizarrako udalerako Alkatetzarako EH Bilduko hautagaia
1. Argi dago urte batzuk atzera begiratuta inork ez zuela pentsatuko orain arte egin dugun bidea egitea posible izango zenik. Zentzu honetan, aurrera begiratzea eta orain arte lan egindako norabidean jarraitzea garrantzitsua da; hori bai anbizioz eta aurrerapauso esanguratsu bat emateko asmotan.
Horrela, hauteskunde hauetarako EH Bilduk aurkezten duen taldea esperientzia duen taldea da baina baita ilusioz beteriko taldea, jende berriarekin eta gauza berriak egiteko grina duen jendearekin. Alkatetza eskuratuko bagenu, hortaz, orain arte martxan jarritako hamaika proiektuei jarraipena emateko aukera izango genuke, bai zein beste hainbat proiektu aurrera eramateko aukera zabaldu ere; horien artean, Los Llanos parkearen garapen orokorra, alde zaharraren suspertzea, zaintzaren ikuspegi munizipalistaren hauspotzea edo parte-hartzea bermatuko duten politiken garapenarekin jarraitzea.
2. EHBilduk bultzatua Udal Euskararen Ordenantza onartu zenetik euskararen erabilpenarekin loturik zein honen normalizazioari begira aurrerapauso bat eman dela ukaezina da. Euskararen ordenantza onartu izanak euskaldunon eskubideak errespetatzeko tresna ekarri zuen, eta zenbait kontutan aldaera nabaria izan da (argitalpen guztiak elebiz egitea, Udalan euskaraz artatzeko aukera, etab.). Baina ezin dugu gure burua engainatu, eta beste zenbait kontutan eman diren pausoak ez dira guk nahiko genukeen bezain azkarrak izan. Beraz, hurrengo legegintzaldiari begira, fokoa hor jarri behar dugula iruditzen zait, Ordenantzaren betetzean, euskaldunon eskubideetan.
Honetaz gain, euskararen erabilpena sustatzea eta sailen arteko zeharkako lan horretan euskarak izaera integratzailea izatea bermatu behar da. Azken zortzi urteetan, euskaraz egiten diren ekintzek gorakada handia izan dute, eta zentzu berean egin behar dugu lan hemendik aurrera.
3. Zerrendan aurkezten garenon %100ak du euskararen ezagutza eta %85 inguruk du euskararen erabilpen maila osoa. Honez gain, zerrendan lehendabiziko 10 postuetan aurkezten garenon artean denok gara euskal hiztunak. Hots, ez dut uste arazorik izango denik EH Bilduko inorekin euskaraz egin ahal izateko.
Galdetegia lau alderdik erantzun dute (zazpi aurkezten dira): Contigo-Zurekin-ek, EH Bilduk, Geroa Baik eta Nafarroako Alderdi Sozialistak erantzun dute.