Karlismoaren museoa berritu dute: elebitasuna eta eduki berriak

Karlismoaren museoa hiru solairutan antolatuta dago: sotoan eraikina beraren erakusketa txikia, lehen solairuan aldi baterako erakusketak (une honetan Karlismoa zinemaren ikuspuntutik) eta bigarren solairuan erakusketa iraunkorra. Azken honetan Karlismoaren sorrera eta bilakaera aztertzen da objektu historiko, bideo, mapa eta infografien bitartez.

Erakusketa iraunkorrak bi gabezi larri eta ukaezin zituen: batetik gaztelania hutsez zegoen eta, bestetik, Karlismoaren ibilbide historikoa, kronologikoki antolatuta, Guda Zibilarekin batera amaitzen zela: 1939an. Azken urteotan aldi baterako erakusketek elebitasuna jada txertatua zuten eta, haietako batzuek, erakusketa iraunkorraren amaiera kronologikoa gainditu zuten: Jurramendi, mendi sakratua erakusketa.

Azkenean, ezinbestekoa zen berritzea egin da eta honako aldaketak ekarri ditu erakusketa iraunkorrean:

  • Kronologia 1939tik 1979ko hauteskundeetara luzatu da, hiru gairen arabera: “Trilemaren piezen bila” (1939-1957), “Francorekin edo Francoren aurka” (1955-1968), Karlismoa Tradizionalismoaren eta Francoren erregimenarekiko oposizioaren artean (1968-1977).
  • II Errepublikaren eta Gerra Zibilaren eremuak zabaldu dira.
  • Panel, titulu eta kartel guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jarri dira, testuen irakurgarritasun eta irakurketan irisgarritasun unibertsalarekin adostasun handiagoa duten irizpideak onartzearekin batera. Alor honetan lanak amaitu gabe daude oraindik, “elementu interaktiboak, informazio-liburuxkak eta audiogidak berehala” jarriko dira eleanitz.
  • Argiteria-sistema hobetu da.

Karlismoaren Museoko erakusketa iraunkor berria ikusgai dago jada, sarrera arrunta 2 euro dira, murriztua euro 1, eta doako sarrera egiteko aukerak ere badaude. Ohiko irekiera-ordutegia:

  • Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara.
  • Igande eta jai-egunetan, 11:00etatik 14:00etara.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena