Erakusketa berria Karlismoaren museoan: Karlismoa Zinemaren Ikuspuntutik.

Karlismoaren museoak aldi baterako erakusketa berria aurkeztu du, 2019ko apirilaren 29ra arte izanen dugu ikusgai. Prentsa oharrean azaldu bezala, “XIX. mendeko gatazka karlistetako istorioetan girotuta dagoen edo istorio horiek ardatz hartu dituen zinemari buruzko” erakusketa da. Berau azaltzeko ia hogei pelikula aurkezten dira, 1921eko Pour Don Carlos pelikulatik hasita eta azken bi urteotako Handia eta Errementari pelikuletaraino (hemen albistea Karlismoaren webgunean).

Erakusketa doakoa da eta museoaren ohiko ordutegian bisitatu daiteke: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta igande eta jai-egunetan, 11:00etatik 14:00etara. Bestalde, aitzakia bikaina izan daiteke abenduaren 3an 11:30ean, Euskararen Nazioarteko egunean eta festa eguna, erakusketa iraunkorrera euskarazko bisita gidatua baitago.

Erakusketa 6 esparrutan banatuta dago:

  • Lehenengo esparrua, Literaturatik zinemara: karlismoa agertzen duten lehenengo pelikulen eta XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako testu literarioen arteko lotura zuzena aztertzen da.
  • Bigarren esparrua, karlismoa, erregimen frankistaren zinemaren mendean: karlismoa era anekdotikoan tratatzen dela eta, diktaduraren babespean, adar liberal borbonikoa sotiltasunez goraipatzen dela ikusten da.
  • Hirugarren esparrua, 80. eta 90. hamarkadetako zinema historizista: honek pelikula landuagoak ditu ardatz, Euskadi eta Katalunian ekoiztutakoak. Haietan, bigarren gerra karlista (1872-1876) era xehean birsortzen da eta ideologiak era parekideagoan islatzen dira.
  • Laugarren esparrua, Vacas pelikulatik Handia pelikulara: zinema intimistagoan kokatzen da. Haietan, gerra karlistak erabiltzen dira Nafarroan eta Euskadin girotutako istorio familiar eta pertsonalak kokatzeko. Esparru horretan lantzen diren bi pelikulek, Vacas (1992, Julio Medem) eta Handia (2017, Aitor Arregi eta Jon Garaño) filmek, historiari buruzko imajinario kolektiboa eta, zehazki, euskal landa eremuetan karlismoari buruz zegoen ideia berreraikitzen dute.

  • Bosgarren esparrua, Fantasia 1843an: Errementari esparruan, karlismoaren gaiak zineman izan duen sarraldirik berriena jorratzen da: Errementari (2018, Paul Urkijo). Filma fantastikoa da eta nafar folklorearen eta XIX. mendeko beldurrezko literaturaren eragin nabaria du.

  • Azken esparruak Azpi-genero propio baten aurrean izena du eta karlismoaren testuinguru historikoko aukera narratibo zinematografikoei buruz hausnartzen du.

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena