Nafarroako Bertsolari Txapelketa: otsailak 17 final laurdena Lizarran

Otsailaren 9an abiatuko da eta martxoaren 23an izanen da finala, azken urteotan bezala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Bidean zortzi saio ospatuko dira, hurrenez hurren, Tutera, Urdazubi, Irurita, Lizarra, Atarrabia, Etxarri Aranaz, Lesaka eta Iruñea.

Osotara 30 bertsolarik eman dute izena eta 24 sailkatu Txapelketaren aurre-kanporaketetan. Baina ez dira bakarrak lanean arituko direnak, gai-emaileak, epaileak eta bestelako lagunak ere arituko baitira txapelketaren antolaketan.

(Txapelketako hainbat bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta antolatzaile. Argazkia: Bertsozale Elkartea)

Antolatzaileek dioten bezala, txapelketa ez da “bat-bateko lorea (…) urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da”. Lan isil horiek ditugu, besteak este, Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa, bertso eskolen sarea herri eta auzoetan, eta baita antolaturiko aisialdi saioak (bertso afariak, aurkezpenak, ekitaldiak…). Bertsozale elkarteak nabarmendu nahi izan du Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa: urtero 2.400 ikasle baino gehiagok parte hartzen du honetan, eskola orduetan bertsogintza eta ahozkotasuna landu dezaten (Elkarteak antolatuta eta Gobernuaren zein hainbat toki entitateren laguntzarekin burutua).

Azkenik, lehen aipatu bezala, nabarmendu behar dugu Lizarrako gazteriaren etxean otsailaren 17ko igandean 17:30ean ospatuko den final-laurdena. Bertan izanen ditugu Amaia Elizagoien, Eneko Lazkoz, Diego Riaño, Sarai Robles, Josu Sanjurjo eta Julen Zelaieta bertsolariak finalaurrekorako txartelaren bila. Gai-emaile Lizarrako Ander Aranburu.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena