Ibai-adar askoren urak batu dira Oteitzan: Emozioa eta elkartasuna ardatz

Ibai-adar askoren urak batu dira otsailaren 5eko Bizi Dantza ikuskizun honetan, emozioa eta elkartasuna ardatz izan dira eta zenbaki neurgarri bat utzi digute: 1.000 ikusleen langa gainditua.

Arrakasta itzela gaurkoa, bai, baina gaur ez ginateke atzoko festaren arrakastaz arituko ez balitz Oteitzako herri eta udalarengatik, herriko izaki mitologikoak eta Arrano elkartea, eskualde osoko boluntarioak, dantzariak eta dantzariei autobusa doan jarri dion enpresa, utzitako materialak, taula gainera Maite Zaitut abestera igo diren musikariak, furgonetaren aisialdi enpresa, aparkalekua kudeatu eta prestatu dutenak, bidegurutzeko Foruzainak, argazkilari eta bideogileak, inprimategi zein euskarrien diseinatzaileen prestutasuna, zentsura salatzeko ekimen espontaneoak, kalean eta inguruan interesa eta elkartasuna adierazi duten dozenaka lagunak… eta jakina, ikuskizunera etorritako guztiak.

Daudenen eta ez daudenen izenean,
eskerrik lagundu duzuen jende piloari, lortu dugu!

Urtarrilaren 21ean Lizarrako Udalaren lehen baimen-ukatzea jaso ondoren euskara elkartea ziztu bizian martxan jarri zen eta 22an bertan instantzia berri bat sartu zuen Udalean. Erantzun ofiziala jaso bitartean, 26an aldez aurreko sarrera salmenta atzeratzea erabaki zen. Azkenean, 28an, bigarren instantziari oraindik erantzun ofiziala eman gabe zegoela, Oteitzarekin adostu zen bertan egitea. Ezin aukera aproposagorik, egunak joan egunak etorri, bidean agertzen zen arazo bakoitzari irtenbide bat topatu baitzaio herrian.

Izan ere, Lizarraldeko Oteitzak badu abizena, izen bereko besteengandik bereizten duena: Oteitza Iguzkitzaibar, edo Iguzkitzaibarko Oteitza (Oteiza de la Solana). Ezin abizen edo ezizen aproposagorik, oteitzarren eguzkiak ederki goxatu zituen pailazoak, haien jarraitzaile diren haur eta gurasoak, antolatzaileak, eta bihotz honeko orok jasotako makilkadak.

Zorionak Lizarra Ikastola eta Remontival IPko D eredua

Aurtengo emanaldia antolatzen hasi ginenetik argi genuen honakoa berezia izango zela, aurten zer ospatu izango genuela: Lizarra Ikastolak 50 urte betetzen ditu eta Remontival IPko D ereduak 25. Lizarraldeko euskalduntzean duten eta izan duten garrantziagatik, erabateko aitortza merezi zuten, eta hori dela eta eskola bakoitzeko bina ordezkariri eskatu zaie oholtzara igotzeko eta Lizarrako artisau ezagun batek egindako argizaiola bana eman zaizkie.

Eta ez zen une zirraragarri bakarra izan, pailazoen sarreran Arrano Kultur Elkarteko hogei bat izaki mitologiko zituzten zain, ohorezko pasabidea egin zieten maite zaitut doinupean eta ikusleen txalo zaparradarekin; gaueko lehen une gogoangarria izan zen.

Etorriko ziren gehiago ere, azkenerako, publikoak bazuen beste ekimen baten berri, baina ez pailazoek edota Katxiporretako langileek, Maddalen Arzallusek ondutako maite zaitut abestiaren bertsioa (hemen letra). Une zirraragarria, pailazoak oholtza gainean, Larraiza dantza taldeko kideak atzean saltoka, ahots eta musika ederra mikrofonotik eta publikoa bat eginda, pailazoei eta haien lanari omenaldi xume bezain goxoa eginez. Bi bideotan jaso genuen momentua, maite zaitugu pailazo koadrilla (1) eta maite zaitugu pailazo koadrilla (2).

HEMEN ARGAZKI GALERIA:MAITE ZAITUT PAILAZO KOADRILLA BIDEOA:

Bizi Dantza Oteitzan:

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena