Eppure si muove… eta, hala ere, irri egingo dugu

Garean Euskaldunon Elkarteak urriaren 31n eskaera ofiziala egin zuen Udaleko erregistroan. Honetan, urtero bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizi Dantza ikuskizuna antolatzeko asmoa adierazten genuen, otsailaren 5ean Lizarrako kiroldegian. Ikuskizun hau aurrematrikula garaian kokatu ohi du Gareanek, hain zuzen ere gurasoak animatu asmoz haurrak euskaraz matrikulatzera; iazko ikuskizunak eta matrikulazio kanpainak irudi ederrak utzi zizkigun.

Jada 11 urtetan 11 ikuskizun antolatu ditugu, hauetatik azken hamarrak Lizarrerria kiroldegian. Izan ere, ikusle kopuruarengatik eta azpiegituraren kokapen zein ezaugarriengatik, baita bertako langileen zein kirol talde erabiltzaileek beti eman dizkiguten erraztasunengatik, aukerarik onena da.

Urtez urte ehunka familiak gozatu dute ikuskizun honekin, zazpiehun bat ikusle emanaldi bakoitzean… 11 urtetan egin kontu. Honelako arrakasta horren denbora luzean irauteak erantzun posible bakarra du: Artistek eskaintzen duten ikuskizunaren kalitatea, urtero eraberritzen dutena.

Urri amaieratik egunak joan, egunak etorri, azkenean urtarrilaren 21ean jaso dugu Udalaren erantzun formala. Udaleko Gobernu Batzordeak, Alkatetza Ebazpenaren bidez, honakoa erabaki du eta gaztelania hutsez jakinarazi digu: “Denegar a Garean Euskaldunon Elkartea el uso del polideportivo municipal para espectáculo de payasos los días 4 y 5 de febrero de 2020, ya que en las citadas instalaciones hay entrenamientos deportivos, y dado que se trata de una instalación deportiva tienen prioridad dichas actividades.

Jakinarazpena jaso eta egunean bertan Garean elkartean bilera egin dugu eta, neurri batean, harrituta hartu dugu erabakiaren berri. Urtero bezala kiroldegia kudeatzen duen enpresaren aldetik eta bertan entrenatzen diren kirol taldeen aldetik ez baitugu inolako eragozpenen berririk jaso.

Hortaz, Gareanek honakoa erabaki du:

  1. Gareanek Udalari bilera eskatuko dio egoera argitzeko eta baimen-ukatzea birplanteatzeko. Horretarako beharrezko gestioak eginen luke geure Elkarteak. Bestela, kasua bada, ikuskizuna baldintza egokietan gauzatzeko alternatiba eskatuko zaio.
  2. Gareanek beteko ditu hartu dituen konpromisoak, bai Lizarraldeko familia eta haurren ilusioarekin, bai pailazoekin sinatutako kontratuarekin, eta baita ikuskizunean parte hartuko duten kolaboratzaileekin ere (aurten bertako Larraiza Dantzari Taldea).
  3. Hortaz, zalantzarik ez, otsailaren 5ean 17:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizi Dantza hemen izanen da, “hemen” zehazki non den oraindik jakin ez arren.

Beraz, Galileok esan omen zuen esaldi ezagun hura geureganatuz, “Eppure si muove” (hala ere, mugitzen da): Eppure sorrideremo e rideremo, eta hala ere, irri eta barre eginen dugu.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena