Neguko festen zikloa ixten: Herri inauteriak Oteitzan, Lizarran, Larragan, Sartagudan..

Urtero bezala, inauterien festa Nafarroa osora hedatzen da eta, jakina, baita Lizarraldean barrena ere. Ospakizunen ziklo zabal honetan badira bereziak diren batzuk, Herri Inauteriak izendatuak. Hauek magiaz blaitzen dituzte txoko guztiak, izaki mitologikoak haien gordelekuetatik ateratzen dira eta gure herri eta hirietako karrikak ibiltzen dituzte.

Honela, otsailaren 8an Oteitzan hasi eta 29ra arte, Sartagudan, hainbat herri bisitatuko dituzte Akerbeltzek, joaldunek, Herensugek, ikazkinek, alargunek, momotxorroek, lamiek, sorginek, Artabakoitzek… Larragatik 22an pasako dira eta Lizarratik 15ean. Natura berpiztera aterako dira karriketara, negua atzean utzi eta udaberriari ongi etorria emanen diote.

Antolatzaileek nabarmendu nahi dute Herri Inauteriek gero eta erro sakonagoa dutela Lizarraldean eta mozorroak egiteko tailerrek ere, gero eta partaide gehiago dituztela; adibidez, Sartagudako alargunak edo Lizarrako ikazkinak egiteko tailerrak, edo Artabakoitz erraldoi berria sortzeko Oteitzan.

Halaber, entitate antolatzaileek nabarmendu nahi dute tokian toki egiten den lana izanik ere, eskualdeko ikuspegiarekin egiten direla, bai egutegia antolatzen eta baita lanak partekatuz: esperientzia eta ideia trukea, beste herrietako inauterietan parte hartzen… Honela, ez da harritzekoa Larragako joaldun bat Oteitzan ikustea, edo Sartagudako alarguna Lizarran, edo Oteitzako momotxorroa Sartagudan, edo Lizarrako Aker Larragan. Elkarlanak eta herrien arteko trukeak Lizarraldeko herri inauteriei zentzua eta itxura ematen diote.

OTEITZA. OTSAILAK 8, LARUNBATA.
Oteitzako herri inauteriak 2015ean abiatu ziren, herritar gutxi batzuk gaitekin kalera atera eta `Larragako Joaldunen´ zintzarriekin karrikara atera zirenean. Kalejira horretarako 18 pertsonaia prestatu zituzten, eta osotara hogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten. Ez zegoen ikuslerik karrikaren alboetan, ezta jendetzarik esperoan herriko plazako sarreran, Rason. Justu bizilagunen bat edo beste hurbildu zen etxeko leihora kalejira ikustera, zalapartak harrituta edo; edo, agian, konpartsa lagundu zuten elur malutak ikusteko asmoz. Zorionez, gauza asko aldatu dira herri inauterien hastapen xume hartatik, ordutik hitzordu ezinbestekoa bilakatu baita oteitzarren festa-egutegian.

2016 urtetik OTEITZAKO ARRANO KULTUR ELKARTEAk antolatzen du ekitaldi hau eta, jada, 100 bat pertsonaik osatzen dute kalejira; eta hauei batu behar zaie Lizarratik, Larragatik eta Sartagudatik etortzen hasiko zirenak. Urtez urte gero eta lagun gehiagok parte hartzen dute, gazte gehiagok, eta ez soilik egunean bertan janzteko, baita aurreko tailerretan eta entseguetan ere.

Tailerrek lau hilabeteko iraupena dute eta, hauetan, hainbat izaki sortu eta berritu dituzte  (Behorra, Basurde, Gardatxo, Akerbeltz…). Aurten erraldoi berria sortzen ari dira, Artabakoitz, eta Erroekin batera, hauek ere berriak, eta zakuzaharren laguntzarekin, Turtumendiako Mari jainkoaren abisua ekarriko digute. Erraldoi berria ezagutu nahi duenak, Oteitzako inauterietara etorri beharko du eta Rason izanen den antzezpenera hurbildu, herriko plaza nagusian.

OTEITZAKO EGITARAUA: Otsailak 8, larunbata. 12:00 – Hamaiketakoa eta herri dantzak Rason. 13:30 – Trikipoteoa. 19:30 – Galo aldapatik behera, inauterietako pertsonaien kalejira. Ondoren, ANTZERKIA Rason. 22:00 – Afaria Kultur Etxean.

LIZARRA. OTSAILAK 15 LARUNBATA.
Lizarrako herri inauteriak 1993 urtetik ospatzen dira. Joan den mendean La Bota Elkarteak sustatu zuen eta Aldabikaren erretzea eta palokiak izan zituen hasierako protagonista. Eskualdean ospakizunik iraunkorrena eta egonkorrena da. 2009an pertsonaia berria batu zitzaion Ikazkina batu zitzaion, berezko dantza eta abestiarekin.

Inauterien aurreko astean hainbat tailer egiten dira, norberak mozorro ezberdinak prestatu ahal izateko: Ikazkina, sorgina, lamia, e.a. Tailerrak otsailaren 10etik 14ra izanen dira,  17:30etik 20:00etara, Sugarra gaztetxean. Eta asteazkenekoa, 12an, Bota Peñan 17:30etik 19:30era.

Herri inauteriaren ospakizuna otsailaren 14an hasiko da, Remontival ikastetxeko ikasleek kalejira eginen dute ikastetxetik Foruen plazara. Ondoren, larunbatean, otsailak 15, herri inauterien egun handia izanen da. Egun osoko egitaraua oparoa.

Hemen duzue egitaraua

LARRAGA. OTSAILAK 21, OSTIRALA.
Larragako herri inauteriak 2012an hasi ziren ospatzen, Urnia dantza taldeak eta Larragako Joaldunek bultzatuta. Festa honen ekitaldi nagusia otsailaren 21ean eginen den kalejira izanen da. Partaide izanen dira, aipatu Joaldunez gain, Larragako txistulariak, Alegría Raguesa Musika Banda, erraldoien konpartsa, Urnia Dantza Taldea eta Larragako Gaztelu Gaiteroak.

Kalejira Foruen plazatik abiatuko da 19:30ean, eta bertan izanen dituzte lagun Oteitzako, Lizarrako eta Sartagudako izakiak. Ibilbidea Udaletxe plazan amaituko da, eta Miel Otxin erre eta gero salda beroa eta txistorra eskainiko dira.

SARTAGUDA. OTSAILAK 29, LARUNBATA.
Sartagudako herri inauteriak aipatu lauren artean gazteenak dira. Nafarroa Aurrera Elkarteak antolatu zituen lehenbiziko aldiz 2018an, eta bere kontakizunaren ardatz nagusi dugu Memoria Historikoa. Alargunen Herria bezala ezagutzen den herri honetan, herri inauterietako berariazko pertsonaia sortu dute, alarguna hain zuzen ere; alargunak herrian barrena ibiltzen dira, Torrijos pertsonaia epaitzen dute eta ondoren erretzen dute. Pertsonaia hau Ramiro Torrijosengan oinarrituta dago, Infanterriko Dukearen administraria Sartagudan XX mendeko bigarren hamarraldian. Bera izango zen 36an herriak jasango zuen errepresio bortitzaren erantzule nagusia.

Eskualdeko beste herri inauterietako kideek lagundu eta parte hartzen dute Sartagudako herri inauterietan. Honela, Momotxorroek, Akerrek, Ziripotzek eta bestelako izakiek osatu egin dute tokiko historia ardatz duen festa hau. Aurten pertsonaia eta osagai berriak sortzen aritu dira urtarrilaren erdialdetik egiten ari diren tailerretan.

Sartagudako herri inauteriak otsailaren 29an hasiko dira, 18:30ean pilotalekuan. Bertan izanen dira Ibaialde Ikastolako Txikien Dantza Taldea. Ondoren, 19:30ean kalejira abiatuko da eta honetan alargunek Torrijos paseatuko dute herrian barrena, gaita, trikitixa eta txistuen musika lagun. 20:30ean Foruen plazan epaia irakurriko dute eta Torrijos erre. Herri Inauteriak afari herrikoi batekin amaituko dira, igerilekuetan.

Antolatzaile: Arrano Kultur Elkartea (Oteitza). Festa Giro (Estella-Lizarra). Larragako Joaldunak, Urnia Dantzak Taldea (Larraga). Nafarroa Aurrera (Sartaguda).

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena