Fobiaren adierak
1. Objektu, pertsona edo egoera jakin batzuekiko arrazoiz kanpoko beldurra.
2. (hed.) Zerbaitekiko beldur edo gaitzespen bizia.
2023ko azaroa, Berdintasun Teknikariaren lanpostua hutsik dago aurreko langileak erretiroa hartu zuenetik eta Udalak lan-poltsa deitu zuen. Horretan, ez zuen batere baloratu euskara: ez eskakizun bezala, ez merezimendu gisa.
2024ko martxoa, Korrika oso ekimen maitatua da Egaren bazter hauetan, eta Lizarrako Udalak 1993tik gaur arte urte bakar batean egin du kale kilometroa erosten, hau da, azken 15 ediziotan bakarra. Azkenean, herritarrek egin behar izan zuten eta Udalak bigarren aldiz utzi dio kilometroa hartzeari.
2024ko martxoa, legealdiko lehen aurrekontuak onartu ziren: euskarari eragiten dioten partida ugari murriztu ziren, eta beste batzuk desagertu, Brinka! haur-gaztetxoendako ikasturteko kirol programa kasu; AEKrekin zegoen hitzarmena bertan behera utzi zuten; euskarazko jardueren partida nagusia %10ean murriztu dute (3.000 €)…
2024ko apirila, plantilla organikoan Kultura teknikariaren lanpostuari euskara kendu zitzaion eta 15. administrari-lanpostuari ez zitzaion jarri, horrek Kultura K-z ere bada protesta eragin zuen.
Zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz? Udal agintarien ustez Euskara soilik da euskaraz, Kirola deporte da, Berdintasuna igualdad, Gazteria juventud… Bada, ez, kirola, berdintasuna, eta gazteria ere euskaraz izan daitezke, eta behar dute. Euskaltzaletasuna bederen ez dario UPNren eta PSNren erabakiei.
Lizarrako Udaleko agintariak euskararen kontra
UPN-k alkatetza eskuratu zuenetik, euskararentzako kaltegarriak diren hainbat neurri onartu dira PSNrekin. Aurrekontuak murriztea edo Kultura teknikariaren lanpostuan euskara eskakizuna kentzea izan dira horietako batzuk. Onintze Arrastia Mauleon
Euskarari dagokion hainbat erabaki hartu dira azken hilabeteetan Lizarrako Udalean. UPN dago alkatetzan, eta ongi dakigu zein den alderdi politikoaren posizioa gure hizkuntzari dagokionez. Historikoki, euskararentzako atzera pausoa ekarri du UPN-ren alkatetza orok Nafarroan. Gure kulturaren eta hizkuntzaren babesaren aldeko jarrera geroz eta irmoagoa eta ageriagoa den honetan, bereziki kezkatzen gaitu euskaldunoi Udala bezalako instituzio publiko batek haren kontra jotzea.
Martxoan izan genuen 2024ko aurrekontuen berri, eta horietatik ateratzen diren diru-partida asko euskara sustatzeko prozesuan zeinen garrantzitsuak diren kontziente garen heinean, bereziki kezkatu gintuen euskarazko jarduerek jasandako murrizketak. Batetik, AEK-rekin zegoen hitzarmena bertan behera utzi zuten. Hitzarmen horren bidez, euskara ikasteko taldeak sortzeko ratioak murrizten ziren; ondorioz, taldeak sortzeko zailtasunak areagotzen dira. Bestetik, euskarazko jardueren partida nagusia % 10ean murriztu zuten (Udalak gaur egun ia ez du programatzen beste partidetatik). Hori guztia tarteko, bestelako hizkuntza atzerritarrentzako diru-partida berriak eratu ziren, hizkuntzak «berdintzeko» asmoz.
Ezin dira berdindu jada egoera desberdinean aurkitzen diren hizkuntzak. Euskararen egoera zein den argi dago, eta ezin da hizkuntza hegemonikoen —eta bertakoak ez diren— parean jarri. Lizarran geroz eta euskaldun gehiago dago; Nafarroako Estatistika Institutuak 2021ean argitaratutako datuen arabera, bi urte baino gehiagoko herritarren % 26,1 euskara ezagutza du. Gainera, ehuneko hori gaztea da, 30 urte baino gutxiagoko biztanleen artean erdia baino gehiagok euskaraz baitaki. Euskara gure kaleetan hauspotzen dabil, horregatik zentzugabea da tendentzia hori administrazio publikoan islatuta ez egotea.
Izan ere, hizkuntza-eskubideen urraketa gisa har daiteke Udaletxera jo eta euskaraz artatua izateko eskubidea ez izatea. Zergatik diot hori? Bada, Udalak eskaintzen dituen lanpostu guztietatik soilik %12,5ek baitaukate euskara betekizun bezala. Horrek guztiz mugatzen du euskarazko arreta.
Kultura zerbitzutik euskara ezabatu du UPN-k. Lanpostuan aldaketak eman dira; kultur koordinatzailea teknikari izatera igaro da, eta kualifikazio altuagoko lanpostu bat izatera igaro da. Ordea, euskara kendu da. Nola da posible gure ondare kulturalaren parte den zerbait horri dagokion zerbitzu batetik at egotea?
Udaleko lanpostuen laburpena (2024ko plantilla organikoa)
Kontuan izan, lanpostu batean euskara eskatu arren, balitekeela egun dagoen langilea erdalduna izatea; edo, euskara eskatu ez arren, egun dagoen langileak euskara jakitea. Baina, baja baten aurrean, eszedentzia baten aurrean, langile hori behin behinean ordezkatu behar bada, edo jubilatzen bada, hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko lanpostuaren definizioan egon behar du hizkuntza eskakizuna.
Hilabeteotan Kultura Teknikariaren lanpostuaren berri izan dugu, baina kezkatzeko motibo ugari ditugu. Hemen arretagune batzuk:
- 15 administrarietatik soilik bakar batek du hizkuntza eskakizuna. Administrariak dira maiz herritarrekin lehen harremana egiten duten langileak.
- Udal teknikarien kasuan, Euskara, Kultura, Kirola, Gazteria, Berdintasuna, Ingurumen eta landa garapena, Gizarte Zerbitzuen koordinatzailea, Enplegu-tailer eskolaren zuzendaria eta Ondare kulturalaren zuzendaria (Gustavo de Maeztu), guztietan bakar batek du euskara eskakizuna, asmatu zeinek. Haiek dira haien arloetako politikak proposatu, diseinatu, gauzatu eta ebaluatu behar dituztenak, herritarrekin eta politikariekin harremanetan.
- Udal Musika Eskolako lanpostu bakar batek ere ez du hizkuntza eskakizunik, nola bermatuko dira D ereduko haurren euskaraz ikasteko eskubidea?
- Gazteria zerbitzuan, gazte teknikariaren eta gazte-animatzaileen hiru lanpostuetatik batek ere ez du hizkuntza eskakizunik.
- Hainbat arlotan ez dago lanpostu bakar bat ere hizkuntza eskakizunarekin.