Geltoki bat baino ez: Kultura K-z ere bada argazki galeria, bideo eta mezua

Joan den ostegunean, azkenean, Osoko bilkuran gauzatu egin zen atzerapausoa: UPNk, PSNk eta PPk plantilla organiko berria adostu zuten: Udaleko Kultura zerbitzuak ez duela zertan euskara jakin, ez eta administrari berriak ere. Erabakia, baina, ez zen oharkabean pasa.

Lizarrako Auroren plaza hiru orduz bete genuen, kultura ozen entzun plazan eta baita Osoko bilkuran bertan ere. Txalapartariek, Mikel, Viñu eta Caeteren eta Bolboraren kontzertu akustikoek, Lizarran Kantuzek, trikitilari eta panderojoleek, txistulariek, irrintziek doinuz, hotsez eta garrasiz bete zituzten plaza eta udalbatza aretoa. Aldi berean, han ere baziren euskara eskolak, txalaparta eta txapa tailerrak, Alatz artista plastikoa lanean, pintura ikasleak kronika grafikoa jasotzen, ilustrazio eta testuen erakusketa…

Giro paregabe horrek segida izan zuen Osoko bilkuran, han ere izan baitziren plazatik igotako ordezkariak. Hitza eskatu genuen gure ezinegona adierazteko (PDF honetan irakurri dezakezu), baina “Guk euskaraz, zuk zergaitik ez?” doinuekin bozkatu zuten atzerapausoa. Ostegunekoa, baina, geltoki bat baino ez da izan.

Ahotsa.info-k “Kultur eztanda Lizarran euskararen alde” eta Diario de Noticiasek “UPN, PP y PSN reúnen su voto contra el euskera en el Ayuntamiento de Estella” jaso dute albistea.

Klikatu argazki galeria ikusteko:

Kultura K-z ere bada argazki bilduma
Kultura K-z ere bada argazki bilduma

Kolektibo, arte, norbanako, guztien fusioa ederra eta naturala izan zen eta zerbait magiko sortu zen sortzaileen eta publikoaren artean: herri giro aparta. Udaleko erabakiek atzera buelta izan dezakete, eta izango dute, baina mezua eman da.Hasierako proposamenak 3 lanpostutan kendu nahi zuen euskara; guk mantentzeko eta lanpostu berriari jartzeko eskatu genuen. Azkenean bakarrari kendu diote. Zerbitzuak euskaraz eskaintzearen debatea plazara atera genuen, giro paregabean, ezin da soilik bulego edo bilkuretan debatitu. Kalean egon behar du. Hau geltoki bat baino ez da izan, arnasa hartu, kafe bat, baina trena berehala abiatuko da berriro. Hurrengoan bidaiari gehiagorekin?

Lizarrako euskaldunak etxegabetuak gure herrian

Honela hasten zen udalbatzan irakurri zen testua: “Lizarrako herritar talde bat gara, kezkatuta gure Udala hartzen ari den erabakiekin. Izan ere, iazko udatik hona erabaki ugari hartu dira euskararen kalterako: besteak beste, Berdintasun teknikariaren lan-deialdia euskararik gabe, Euskara Merkataritzara programatik atera, ez du Korrika kilometroa erosi, 2024ko aurrekontuetan euskarak murrizketa nabarmena jasan du…

Orain, guztion, eta batez ere euskaldunon kalterako hartutako erabakietan jauzi kualitatiboa egitear da, kaltea bai orain eta baita etorkizuneko euskaldunei ere. Izan ere, lanpostu gutxik dute hizkuntza eskakizuna Lizarran, eta are gutxiagok izanen dute baldin eta gaurko proposamenak aurrera egiten badu.”

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena