Gaztelania hegemonikoa da Lizarran, eta baita hego Euskal Herri osoan ere. Ez dago leku bat bera ere gaztelaniak zipriztintzen ez duenik, Herri elebakarra jada ez da gure artean, ez bada hizkuntza kolonizatzaileetan. Hargatik, ezinbestekoak dira espazio fisiko-geografiko eta sozialak non euskara nabarmendu eta gailendu egiten den. Lizarran badira euskara nagusi den horrelako nolabaiteko eremuak, euskaltegia, euskara elkartea, bertso-taldea, murgiltze ereduetako eskolak, …
Horien ondotik, badira sozializazio espazioak, euskara bultzatzaile ere badirenak, non euskara ardatzetako bat den haien izaeran eta izatean. Badira ostatuak, Ametsa taberna esaterako, badira herri ekimenetik sortuak, La Bota Peña edo Sugarra gaztetxea adibidez. Izan horietan antolatzen diren ekitaldiengatik, izan euskalgintzaren ekimen ikonikoetan parte hartzeagatik, demagun Korrikan edo Euskaraldian, eta beren ohiko partaideen edo bezeroen euskara ezagutzagatik, espazio horiek potentzial handia dute euskaldunek bertan euskaraz egin dezaten eta euskal komunitatea saretzeko, aski jakina baita ez
dela nahiko euskara jakitearekin.
Badira ere denboran iraunkorrak ez direnak, baina urtez urte kale egin gabe une zehatz batzuetan euskaldunen topaleku garrantzitsuak bilakatzen direnak: Santiago plaza eta txosnagunea Lizarrako festetan, txosna txikiak festa txikietan, inauterien egitarau osoa, Santa Ageda…
Ez dira guztiak, ez dira bakarrak, baina guztien artean eratzen dute euskaldunon sarea Lizarran, mapa geografiko bat Egak besarkatzen eta inguratzen duen hiriñoaren e(us)kosisteman. Bada, une honetan badira arriskuan diren bi: Bata, lerro hauek idazterako unean pil-pilean zen Bota Peñari ukatua ziotela festetan txosna jartzea Santiago plazan, horrek plazako giroa eta sare soziala ahulduko luke, festetako gune euskaldun erreferentziala, bai plazako giroan parte hartzea txikituko litzatekeelako, bai Bota Peñaren ekitaldien finantziazioa murriztuko litzatekeelako.
Bigarrena, Sugarra gaztetxeari milaka euroko isunak ezarri dizkiote. Gaztetxea belaunaldiz belaunaldi aldatzen doan proiektua da, gazteak behin baino gehiagotan zahartu dira eta gazte berriek hartu dute haien lekua, etxea ere hirutan aldarazi digute. Eta Gaztetxea ez dago gatazkatik libre, barru, zehar zein kanpoko, baina gaztea beti gazte, Gazte gera gazte / ta ez gaude konforme zioen Lourdes Iriondok 1968an, zaharrak berri.
Jules Verneren «20.000 legoako bidaia itsaspetik» nobela gazteentzako literatura aparta da. Zientzia (fikzioa) eta abentura uztartzen dira Nautilusen itsaspeko bidaian, abentura ugari pertsonaia gogoangarriekin. Eta tripulazioa ataka guztietatik ateratzeko gai da zalantzazko amaiera ziurgabe batera iritsi arte. Gaztetxea berriro ere aldirietara bidaliko dute hasiera berri bati ekiteko? Santiago plazako giroa pobretuko dute La Bota kanporatuz?