849 kilometroa gora herria!

KORRIKAk bi urterik behin Euskal Herria eta Lizarraldea astintzen eta jendearen emozioak pizten ditu. Ekimen guztiz maitatua da Egaren bazter hauetan, eta bi helburu ditu: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien lana indartzeko dirua biltzea.

Lizarrako Udalak gutxienez 1993tik gaur arte behin baino ez du kale egin kilometroa erosten, hau da, azken 15 ediziotan bakarrean. Kolore guztietako udalek hartu dute parte, hala, bost sozialistak izan ziren (Jose Luis Castejon eta Mª Jose Fernandez), lau UPN (Josefina Bozal eta Begoña Ganuza) eta hiru EH Bildu (Koldo Leoz).

Udala gertuen dugun erakundea da eta horregatik eskatzen diogu herritarrek horren gogotsu eta urte luzez bultzatzen duten ekimenari babesa adieraztea. Sinbolikoa da, Korrika AEK-k antolatzen du, baina Euskal Herri osoko ondare ere bada, euskaltzale guztiona beraz, eta Udala guztiona ere bada, gertuen dugun administrazioa. Korrika gauza asko da, baina bi hitz aukeratu beharko bagenitu, hitz horiek “sinboloa” eta “emozioak” lirateke. Eta udalak, sinbolikoki, guztiak ordezkatuko gaituen kilometroa hartu behar zuen. Baina ez da hala izan.

Zorionez, 8-4-9 kilometroa erreklamatu dugu, eta batzuen utzikeria jendearen emozioekin, eta sosekin bete dugu. Udalak 721 euro jarri behar zituen, badakizue zenbat lortu ditugu guztion artean? 1.200 euro pasa! Milesker eta zorionak! helburu sinbolikoa bete dugu, eta baita ekonomikoa ere.

Hori argituta, gauza bakarra geratzen zaigu iragartzeko, gaur 1:30 aldera nork hartuko duen justu hemen gure kilometroa. Bi pertsona ezagun dira, euskarari, Korrikari eta euskaltegiari guztiz lotuak, beren indar, kemen eta lanarengatik ezagunak. Eta baita beren garrasiengatik Korrika-furgonatik, eztarria urratu arte oihukatu dituzte euskararen aldeko lemak.

Haiek gabe ez da ulertzen azken bi hamarkadotako euskaltegia, arnasa eman diete beren klaseetatik igaro diren ikasleei, erakutsi diete euskaraz egiten, baina baita euskaldun sentitzen eta izaten ere, ez baita gauza bera.

Urtetan Korrika lanetan murgilduta hesiaren bestaldetik ikusi dute lasterketa erraldoia, antolatzaile gisa. Aurten, gonbita luzatu nahi izan diegu, herritar gisa parte har dezaten eta guztion kilometroan, 8-4-9an, guztiak ordezka gaitzaten. Haizatu emozioak, haizatu maitasuna, gora herria! Susana Bidarte eta Ziortza Etxabe, eraman goran lekukoa eta lagundu Baionarat eramaten!

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena