Berdintasun Teknikariaren lanpostua hutsik dago aurreko langileak erretiroa hartu zuenetik eta Udalak lan poltsa deitu du. Horretan, ez du batere baloratu euskara: ez eskakizun bezala, ez merezimendu gisa.
“Lizarra, normal, Lizarra” artikuluan azaldu bezala, lanpostu publiko baterako hautagai izateko aldez aurretik bete beharreko eskakizunak daude, horien artean hizkuntza eskakizunak. Gure Udaleko Plantilla Organikoan jasotako 120 lanpostuetatik soilik 13k dute ezarrita euskara nahitaezko: Arieta haur eskolako lau langilek, euskara eta kultur teknikariak, pintura irakasle batek, eskolazain batek, familia-langile batek eta lau udaltzainek. Gauzak honela, euskaldunak, Udalean, ezinbestean normaltasunetik at ikusten du bere burua.
Eta zer da normaltasun delako hori? Bada, jar zaitez erdaldun elebakar baten azalean, eta pentsatu administrazioarengana jotzen duzunean zer kezka dituzun. Bai, ezta? Ez zaizu burutik pasa ere egin parean duzun langileak zure hizkuntza ez ulertzea. Edo, zure hizkuntza jakingo ez balu, imajina ere!, erantzun oldarkorra jasoko ote duzun. Edo, erantzun bera eta denbora berean jasoko ote duzun hizkuntza batean zein bestean. Bada, hori da, euskaldunon egoera ez da batere normala.
Afera azaroaren 2ko udalbatzan.
Azaroaren 2ko udalbatzan (online ikusgai), Alkateak berak lanpostu honen garrantzia azpimarratu zuen 1:22:10ean, (…) La prioridad era, la primera que habría que cubrir, era la de la técnica de igualdad (…) eta, ondoren, garrantzia horren erakusle, Berdintasun zerbitzuaren “karga emozionala emakumeekiko tratuan” nabarmendu zuen 1:22:50eko pasartean. Zehazki: “(…) Creemos que además se trata de una técnico en un Área (municipal) que tiene la suficiente carga, digamos emocional, en el trato hacia las mujeres, que creemos que no debe ser cubierta por una persona tirando de unas listas que vaya de manera alternativa tirando, rotando de una con otra (…)“.
Deialdiaren inguruabarrak ertz asko ditu eta zinegotziek horiek ere landu zituzten udalbatzan, euskararen aferari 1:38:20tik aurrera ekin zioten. Hala, aurrena EH Bilduk, eta ondoren UPNren erantzunak, finkatuko zuten bakoitzaren posizionamendua: alderdi abertzaleak adierazi du euskara eskakizuna behar zuela eta, edozein modutan, Udal ordenantzari kasu eginez, gutxienez meritu gisa baloratu; eta alderdi eskuindarrak, berriz, ezetz, ez bata ez bestea.
Lizarrak era askotara erakutsi du euskararekiko atxikimendua.
Historia hurbilari begiratzea baino ez dago euskara irakasteko eta sustatzeko azken mende eta laurdenean gure hiriak zer nolako tresnekin hornitu duen bere burua. Edo, arreta jar dezakegu gaur egungo euskaldun kopuruetan: une honetan, Nafarroako Gobernuaren arabera, herritarren %26k ulertzen dute nolabait euskara eta %13,2 euskalduna da.
Hau da, ia 3.500 lagunek dute euskara ezagutzaren bat eta horietarik ia 2.000-k dakite euskaraz. Gainera, populazio hori, funtsean, gaztea da, beraz etorkizunari baikortasunez begiratu ahal diogu.
Eremu mistoa delakoan, noiz eskatzen da euskara?
Tamalez, hainbat faktore direla eta, ez da behar bestetan eskatzen. Lehenik, lege babesa ez da nahikoa: euskara ez da (ko)ofiziala Lizarran, Eremu Mistoak eskubide batzuk baino ez baititu aitortzen. Gainera, UPN-k sistematikoki judizializatzen du euskara eta lanpostuen gaia, baita sindikatu batzuek ere. Hori gutxi ez, eta auzitegien ebazpen eta interpretazio ideologikoak ugariak dira. Honela, ez da harritzeko gatazka egoera honen aurrean euskaltzaleek etsipena sentitzea eta gudu-zelaitik erretiratzea borrokatu baino lehen.
Baina, zalantzarik ez izan, hizkuntza eskubideak aldez aurretik galduta daude baldin eta zinegotziek zein legebiltzarkideek esparru politikoan, herritarrek plaza publikoan, eta euskalgintzak herrigintzan gaiari heltzen ez badiote. Eta Nafarroako plaza publikoan gaudenean, gauden lekuan gaudela ere, uko egiten badiogu euskara erabiltzeko eskubidea borrokatzeari, jai dugu.
Lizarrako euskaltegiak Beinat Etxepare du izena, eta ez alferrik! Etxeparek Garaziko herriari kantatu zion, zeinaren buru Donibane Garazi baita, Lizarrarekin senidetutako Baxe Nafarroako hiriburua, eta honela kantatzen zuen Kontrapasan: Euskara, ialgi hadi plazara, hau da, euskara, atera hadi plaza publikora, jendarteak konpartitzen dituen espazioetara, parke, leku, batzar, zerbitzu… eta dagokizun lekua eta eskubidea exijitu.
Gaia korapilatsua dirudien arren, egitan ez da. Une honetan indarrean dagoen legediarekin, zer hartzen da kontuan?
- Administrazioek euskara sustatu behar dute. Bide bat da euskara baloratzea lan-deialdietan, nahitaezko gisa (eskakizun) edo lehiaketan puntuak ematea.
- Administrazioek “errealitate soziolinguistikoa” kontuan hartu behar dute. Lizarrako errealitate soziolinguistikoa Iruñerrikoen pareko da, Lizarrak mende eta laurdenean erakutsi duen atxikimendua nabarmentzeko modukoa da, gero eta herritar gehiagok daki euskaraz eta populazio hori gaztea da.
- Lanpostua administrazio barruko zirkuitu elebidun batean egotea. Berdintasun teknikaria, bere Udal arloko arduradun nagusia izanda, ezinbestean egongo da zirkuitu elebidun batean.
- Lanpostuak herritarrekin harremana izatea. Honako hau bereziki kontuan hartzen da.
Inork pentsa lezake berdintasun teknikari baten lana herritarrekin harremanik izan gabe gauza daitekeela? mugimendu feministarekin, laguntza eske datozen emakumeekin, … edo, hirian egin nahi dituen esku hartzeetan ez bada hizkuntzetako bat kontuan hartzen?
Edo aholkularitza konfidentzialera doan udal langilea? Edo Udalaren komunikazio guztietan hizkera ez-sexista zaintzeko ardura duenean… eta dena ele bitan sortzen denean? Akaso euskara hizkuntza erabilera ez sexistatik salbuetsita dago?
Edo eraso sexisten aurkako kanpaina baten leloa erabaki, gaztelaniaz, eta gero leloa euskaraz “kopiatu”, propio kanpaina bat euskaratik sortu beharrean?
Edo D ereduko haur eta gazteekin hartu-emana? Adibidez, DBHko ikasleendako aholku eta baliabide eskaintza ederra dago Udal webguneko berdintasun atalean: “recomendamos esta estupenda colección de La Consejería de Educación, Universidades, Cultura y Deportes del Gobierno de Canarias Cinco publicaciones para alumnado de secundaria que bajo el lema “Rebeldes de Género” y un formato visualmente muy atractivo, buscan derribar los estereotipos sexistas y contribuir a lograr una sociedad libre de violencia machista“, eta euskara?
Bada, nekez, edo zintzotasun faltaz soilik sinets daiteke ez duela euskara behar.
Hemen Lizarrako Berdintasun Teknikariaren lanpostuaren eginkizunak, deialdiaren arabera.