Birus berria zabaldu da Lizarraldean: OSASUNBID-ele2

Badira bi aste Diario de Navarra egunkariak Lizarraldeko edizioan honako albistea argitaratu zuela: “Sorpresa en pacientes de Estella por el cambio a comunicación bilingüe“. Aurreko lotura jarraituz gero Osasunbidearen komunikazio-eredu bat ikusiko dugu, bi zutabetan antolatzen dena: ezkerrean gaztelaniaz eta eskuinean euskaraz. Pentsatzekoa da Osasun Departamentuan 2019-2021 aldirako Hizkuntza-planaren ondorio izatea honakoa.

Albistearen mamiari erreparatuta euskaltzalea bi arrazoirengatik poztu daiteke. Lehena, administrazio honek, Osasunbideak, azkenean aitortzen diolako hizkuntza eskubidea herritarrari (euskaldunari bereziki, baina aitortza unibertsala da) eta, honela, zerbitzu hau euskaraz ere jasoko duelako: Osasunbidearen komunikazioak. Ez okertu, ez gara ari pediatraz, erizainaz, familiako medikuaz edo espezialistaz.

Pozteko bigarren arrazoia dugu aukera hau era automatikoan aktibatzen ari dela eremu mistoko erabiltzaileentzat… are, behingoz! pentsatuko du batek baino gehiagok. Orain arte euskaldunak hartu behar zuen zama hori, administrazioa mugatu zitekeen esatera: hor duzu aukera, ez baduzu baliatzen zure ardura da. Horrekin, zerbitzuaren gabeziaren ardura herritarrarengan jartzen zen, herritar asko ez zuten aukera horren berri, euskara ikusezin izateko eskubidea bermatzen (sustatzen?) zen… Honen adibide orain bi urteko Kotarro albistea: osasun txartela elebiduna eskatzeko modua. Orain, urratsa ez du euskaltzaleak eman behar, euskara ikusi nahi ez duenak baizik.

Albistea baina, ez dago notizi pozgarri baten gisara erredaktatuta. Hasteko, lerroburuaren “sorpresa” horrek jada erne jarri beharko gintuzke. Ondoren, lehen paragrafoan elebitasunerako jauzi honen moduak leunki kritikatzen ditu, “un cambio del que no habían tenido conocimiento al no habérseles ni preguntado de antemano“. Aldaketa orok herritarrari kontsulta egitearen beharra dakar? Hobekuntza txiki bat denean, ere?

Beste esaldi honetan hitzek ere ez dirudite ausaz aukeraturikoak: “una ficha personal que abren los servicios administrativos del centro correspondiente con información como su edad, su médico titular, la enfermera y ese bloque ligado a la lengua que marcará la comunicación entre ambas partes“. Hitz horiek irakurrita badirudi “markatuta” geratuko direla bai herritarra eta baita norberaren medikuarekin, erizainarekin… erabiltzaileak izanen duen harremana.

Eta, ondotik, kexaren mamira edo notiziaren abiapuntura (bai?) iristen da artikulua, zenbait erabiltzaileren kexaren berri emanez: “[Usuarios] se han dirigido a su centro de salud de referencia para informarse y pedir que se suprimiera la comunicación bilingüe“. Herritar horien (bat? bi? asko? gutxi?) ezinegonari irtenbidea eman asmoz edo, Osasun departamentuari ematen zaio hitza: “El ciudadano, cuya voluntad siempre prevalece, puede hacer efectivo ese derecho [komunikazio elebidunak eten] haciéndolo saber en su centro de salud o hospital de referencia” eta, jarraian, “También mediante un mail“.

Azken bi puntu horiekin bi hausnarketa sortzen dira, batetik, euskara ikusezin egitea eskubide izan daiteke? Eta, hari horretatik tiraka, hau pareka daiteke Lizarraldeko era askotako kale-euskarrien ezabatze/izorratzearen atzean dagoen ideologiarekin? Bestetik, orain bi urte euskaltzaleak ari ziren elebitasunaren hautu hori sustatzen eta helbide elektroniko horren berri ematen, orain Diario de Navarra egunkaria da hori egiten ari dena… jakina, beste zentzu batean. Horretarako, albiste honi orrialdearen erdia baino gehiago eskaini dio, akaso gaiari ematen dion garrantziaren isla?

Amaitzeko, arlo teknikoan badirudi Nafarroako Gobernuko Osasun departamentua iaz hasi zela posta helbideen kudeaketa-sistema informatikoa berritzen. Berrikuntza hauek, besteak beste, aukera ematen du herritarraren bizitokia eta fitxa pertsonalaren hizkuntza-eremua elkarri lotzeko. Honela, aukera ematen du “afinar más la adecuación de la comunicación individual a la ciudadanía a la zonificación de la Ley del Euskera“. Ez al litzateke errazagoa denontzat komunikazio irizpide hau, komunikazio elebiduna alegia, Nafarroa osora hedatzea? Euskaldunak ez du zonifikazioaren arabera aukeratzen bizitokia.

Bestalde, ez dago lekuz kanpo gogoratzea 2018an Nafarren arteko ezberdinkeriarekin amaitzeko 700 bat herritarren eskaerak bildu zirela Lizarraldean (erdia inguru Lizarran), eta hauetan ofizialtasuna eskatzen zela. Hau da, hizkuntzaren aldetik trataera berbera izatea betekizunetan eta eskubideetan; “erabiltzaile” hauek ere orrialde erdi bat mereziko lukete. Berdintasuna oraindik urrun badago ere, bide horretan urrats txiki bat da Osasunbidearen ekimena.

Lizarraldetik bultza 2018ko Behingoz ekimenari

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena