Ezinikusiaz ikustezin bilakatu nahi. Isiltasuna erantzun eza da ala hausnartua?

Orain aste pare bat Aiegik herri kontsultan ezetz esan zion bertako herritarrek hizkuntza eskubide gehiago izateko. Gero eta kartel gehiagoren euskarazko pasarteak marratuta agertzen ari dira. Kartelak eta bandoak urratuta edo txiki-txiki eginda soilik euskarazko pasarteetatik… Euskarak lekua lortu ahala, xumeki bada ere, hala baita, batzuek arriskuan ikusten dituzte identitate bakarra eta hizkuntza pribilegioak? Ezinikusiaz ikustezin bilakatu nahi gaituzte.

Ultraeskuina harrotuta dabil, Lizarraldean bederen. Igandean Lizarrako San Andres ferietan paseatzen, horren bi adibide dakarkigu. Ohikoa da karteletako euskarazko pasarteak marratuta topatzea kalean. Horren adibide orain hilabete eskaseko Domu Santu egunari begira jarritako ohar hau, edota udal bandoen euskarazko “zutabea” urratzea.

Edo udaberrian ezabatutako kartel hauek: Lezaungo mediku kontsultategia, Deioko gazteluko euskarazko seinaleak eta aurrerago bertan egindako pintaketak, euskarazko pankarta baten gainean “Fascistas” jartzea…

Horren jarraipena, asteburu honetan ikusitakoak, San Andres ganadu feria Lizarran, bertako hiru festa egun nagusietako bat (Lizarrako festak eta Puy egunarekin batera). Euskaltel telefono konpainiak bulego berria zabaldu du Lizarran eta publizitate kanpaina egin du, elebiz, markesinetan.

Azpian dauden argazkiek islatzen dute, batetik, euskarazko iragarkiaren testuaren marratzea, urratu eta txikitzea (ez da erraza, ondo itsatsita baitago ohiala) eta, azkenik, auto baten gainean jarri dute handik metro batzuetara. Gorroto biziz eginiko ekintza dirudi.

Askotan, ordea, bortxa kasu txikiak dira, ezkutuan kasik eta ia oharkabean pasatzen direnak ez baduzu xehetasunera jotzen, baina hor daude. Horren adibide, asteburuan bertan ikusi eta azpian duzuen argazkia. Gustavo de Maeztu museoan, Lizarrako alde monumentalean norbaitek lana hartu du “A” txiki bat ezabatzeko. Segur aski huskeria askorentzat, baina ukazio esanahi handikoa.

Kartel txiki batean hizki batek norbaitengan zerbait piztu du, horri aurre egiteko lana hartzeko.

Momentuz isiltasunarekin erantzuten ari zaio bortxa kasu hauei, askorentzako oharkabean pasatzen dira, beste batzuentzat umekeriak edo txikikeriak. Ultraeskuina harrotuta dabil, eta hemen dago. Isiltasuna erantzun hausnartua da ala arazoaren gutxiestea?

Orain gutxi Lizarrako kazetari ezagun batek, Aiegiko kontsultaren harira egindako iritzi-zutabean zioen “el euskera no une sino que divide”. Zatiketa ez du eragiten euskarak, zatiketa ezinikusia, gorrotoa, hurkoarekiko begirune falta duten pertsonek eragiten dute, norberaren eta ondokoaren identitatea eta hizkuntza, oinarrizko eskubidea, ukatzen, ezabatzen eta debekatzen dituztenak.

Artikuluaren idazle: Alfredo.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena