Lizarraldeko euskalgintzak amaiera eman dio, apirilaren 19an aurkeztutako Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan ekimenari, azken asteotan eskualdean jasotako herritarren eskabideak Lizarrako Udalaren esku utziz.
Guztira 716 eskabide bildu ditugu Lizarraldean, horietatik 346 Lizarran, 73 Villatuertan, 77 Deierrin eta gainerakoak, eskualdeko herrietan banatuta: Oteitza, Lezaun, Ameskoa, Allin, Mirafuentes, Arellano, Metauten, Jaitz, Gesalatz, Abartzuza, …
Lizarran bildutako eskaerak Lizarrako udaletxeko erregistroan sartu genituen joan den ostegunean eta gauza bera egingo dugu datorren astean Villatuertako eta Deierriko udalean.
Datorren asteazkenean bildutako eskabide guztiak, Lizarraldekoak eta Nafarroako beste eskualdeetakoak (784 eskabide guztira), legebiltzarrera eramango ditugu.
Euskalgintzako ordezkariak aurkezpena egin zenean egindako hitzak gogorarazi nahi ditugu: “bere horretan jarraitzen du euskaldunok Nafarroan pairatzen dugun bereizkeriak”.
Bazterkeria horren eragilea hizkuntza-eskubideen eskualdekatzea da. Eremu euskalduna izendatutakotik kanpo, nafarrok ez dugu ziurtatuta euskaraz aritzeko hautua errespetatzea. Erakundeek ez dute zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko beharkizunik. Ordea, gaztelaniaz bizi nahi duenak aitortua eta bermatua du, Nafarroa osoan, gaztelaniaz artatua izateko eskubidea. Horrela, legez ezarrita dago nafarren arteko ezberdinkeria. Euskaldunok zailtasun handiak ditugu, euskaraz bizitzeko. Bizipen horiek kontatu dizkigute herritarrek, eguneroko mila borroka, euskaraz bizitzeko. Horiek ekarri ditugu udaletxera.
Argazki galeriak: (1) Kontseiluaren lan-saioa eta (2) herritar eskaera kanpaina
Eskaera bakoitzaren atzean herritar bat dago: musika-eskolan euskaraz eskaintza jasotzen ez duten herritarrak; euskara erabiltzeko espazioak eskaintzen ez zaizkien herritarren seme-alabak; osasun zerbitzua euskaraz jasotzen ez duten herritarrak … 700etik gora gertaera eta horiek izotz-mendiaren tontorra besterik ez dira.
Horrekin batera, begi onez hartu dugu denbora-tarte honetan Parlamentuak ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeari begira Euskararen Lege berri bat proposatzeko batzorde berezi bat sortu izana. Berri pozgarria da, bai, eta horregatik, lege berri horri Lizarraldeko euskaltzaleok ekarpena egin diogu, pasa den maiatzaren 4an, Kontseiluak antolatutako lan-saioan. Egunerokoan euskaraz bizitzeko ditugun zailtasunak aztertu eta horiei irtenbidea emateko, legeak zer neurri jaso beharko dituen proposatu dugu. Neurri horien artean, nabarmendu da euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea.
Kontseiluak gidaturiko Euskarari Bidea Elkarrekin lan saioa liburutegiko sotoan.
[…] amaieran ofizialtasuna eskatuz ehundaka herritarren eskaerak eraman ziren eskualdeko udaletara (Lizarra, Deierri, […]
[…] ez dago lekuz kanpo gogoratzea 2018an Nafarren arteko ezberdinkeriarekin amaitzeko 700 bat herritarren eskaerak bildu zirela Lizarraldean (erdia inguru Lizarran), eta hauetan ofizialtasuna eskatzen zela. Hau da, […]