2023-2027ko Garesko udalaren plan estrategikoa

Joan den martxoaren 30ean Garesko udalak euskararen plan estrategiko aurkeztu zuen; AEKko Ahize atalak garatu du, 2022ko ekainetik abendura arte, eta hiru arlotan jorratu da modu parte hartzailean: Diagnostikoa, udal barneko plana eta herri plana. Kontsultatu nahi izatera, kale neurketaren txostena, diagnostiko orokorra, udal barneko plana eta herri plana eskuragarri daude Garesko Udalaren web orrian.

Diagnostikoa eta plana tresna eraginkorrak izan daitezke Garesen; bada, akaso Lizarrako Udalak ere halako proiektua gida dezake? Ikusiko, hauteskundeen atarian alderdi politikoen proposamenak entzuteko zain gaude.

Prentsaoharra:

Diagnostikoari dagokionez, euskararen kale erabilera azpimarratu behar da. Neurketa ekainean egin zen eta emaitza % 4,3 izan da, 2021eko Iruñerriko emaitzaren gainetik eta Lizarrakoaren azpitik. Ohikoa denez, erabileraren emaitza % 9,3ra igotzen da haurren presentziaren ondorioz, eta bertze neurketetan gertatzen den bezala, emakumeek gizonek baino gehiago egiten dute euskaraz. Hobetzekoen artean, gazteen erabilera dago, kale neurketan bere presentzia ezin izan baita apenas jaso. Bertze datu kuantitatibo esanguratsu bat eskola matrikulazioa izan da, azken urteotan D ereduan (euskarazko ereduan) 4 umetik 3 eskolatzen baitira. Alabaina, txanponaren bertze aldean, umeen eta gazteen aisialdian euskarazko eskaintza oso eskasa da.

Datu kualitatiboetara joanda, euskararen ezagutzak nabarmen egin du gora azken hamarkadetan, hala adierazi dute hiritarrek eginiko inkesta eta aurrez aurreko eginiko bi saioetan. Hazkundea, bereziki, umeen, gazteen eta familia berrien artean gertatu da. Horrez gain, herritarren artean euskararekiko jarrerak hobetu eta erabilera esparruak zabaldu egin direla ustea dago. Hobetzekoen artean, herritarrek argi dute etorri berriendako hizkuntza harrera sustatu behar dela (egun Garesko biztanleriaren % 16,4 dira), gazteendako erabilera esparruak sortu, euskarazko sormena bultzatu eta euskalgintzako agenteen arteko koordinazioa indartu.

Bertzalde, udal langileek eta euskara zerbitzuak uste dute hizkuntza paisaian, web orrian eta sare sozialetan nabarmen hobetu dela euskararen erabilera, baina, euskararen ordenantzaren arabera, asko hobetzeko dago langileen ezagutzan eta formakuntzan, lanpostuen hizkuntza profilen ezarpenean, musika eskolako eskaintzan, eta oro har, herritarrekiko udalaren komunikazioan.

Planak lau urteko iraupena izanen du eta 2027 urtera arte luzatuko da. Bederatzi eremutan banaturik dago eta bakoitzak ditu bere helburuak eta jarduerak. Lehenengo hiru esparruek familiaren, eskolaren eta euskaltegiaren transmisioa jorratzen dute. Hurrengoetan euskalgintzako eragileen arteko koordinazioa, erabilera esparruak -sozioekonomikoa, kirola eta aisia, kultura, komunikazioa eta teknologia berriak- eta sentsibilizazioa eta motibazioa daude. Modu laburrean esanda, euskaraz hitz egiteko gaitasuna transmititzea eta ahalik eta gehien hobetzea, adinaren araberako euskararen erabilerarako esparru fisikoak nahiz digitalak sortzea eta euskararekiko erakargarritasuna handitzea dira planaren helburu nagusiak. Helburuak erdiesteko 60 jarduera baino gehiago proposatzen dira.

Apirilean Garesko Udalak Batzar Orokorrera eramanen du plan estrategikoa onartua izan dadin. Hortik aitzina, planaren ezarpenaz arduratuko da euskara zerbitzua, arloz arloko eragileekin batera, eta ebaluazioa urtean behin eginen da, euskara batzordearen bidez.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena