Liburu gomendio berria: Karmele Jaioren MAITASUN KAPITALA Maddiren eskutik

MAITASUN KAPITALA, Karmele Jaio, Maddi Etxeberriaren eskutik (ELKAR, 2023)

Karmele Jaioren Maitasun Kapitalak hunkitu egin nau. Olgak bere maitatzeko moduaz hitz egiten digu, Martin bere maitale eta abusatzailea hil dela-eta sortu zaizkion barruko zauri eta galderez. Aldi berean, bere ikasle Laiak maitasun erromantikoak emakumeen independentzia eta zaurgarritasuna nola zeharkatzen dituen ikertzen du doktoretza-tesian. Santik, Martinen lagun batek, badu ere Olgaren bizitza hankaz gora jartzeko moduko informazioa. Nola egiten da sakonki maite duzun pertsona batek alde egitean? Maitasunak eragiten digun zaurgarritasunari ezetz esatea posible al da? Zer irabazi eta zer galtzen dugu sakonki maitatzeari irekiaz?

Maitatzea beste foku ez-ekonomiko batetik begira daiteke? Eta zer puntutan elkartzen dira txikitatik norbanako bakoitzari erakutsi zaigun maitatzeko modu partikularra eta unibertsalki edo komunitarioki bizi eta zeharkatzen gaituena? Galdera hauek denek eta gehiagok asko pentsarazi didate Olgarekin batera. Protagonistak bere barneko zauri gordinak aztertzen ditu, txolarre bat disekzionatu nahian bezala eta aldi berean txolarrea bera izanez, berak dioen moduan. Baina batez ere bere gertuko pertsonak begiratuz, adituz, maitatuz, maitatzen dituen bezala aipuak eta maitasunari buruz inguruak esan eta egiten duen guztia. Gai unibertsal bat angelu ezberdin askotatik. Izugarri gustatu zait.

(Maddi Etxeberria)

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena