Zinema euskaraz: “Errementari” Martxoak 5

Martxoaren lehen asteburuan estreinatuko da Errementari fantasiazko filma, besteak beste Lizarrako Los Llanos Zinemetan. Baina adi! euskarazko bertsioa astelehenean emane da: Martxoak 5, astelehena, 20:30ean. Iraupena: 98 minuto.

Errementari fantasia generoko anbizio handiko ekoizpena da, Paul Urkijo zinemagile gasteiztar sarituaren lehen film luzea dugu honako hau, Joxe Migel Barandiaranek 1903an jasotako “Patxi Errementaria” herri-ipuinaren moldaketa librea dugu. Ipuinaren jatorrizko hizkuntza aukeratzeaz gain, euskaraz filmatu baita, sortzaileek urrats bat gehiago eman nahi izan dute, eta galduta dagoen euskalki baten traza eman diote hizkuntzari: Arabako euskararena, (XIX. mendean Arabako mendeetan hitz egiten zen euskara, alegia).

Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso da. “Arabako Euskara” liburuaren egileak euskalki horren ibilbide historikoa eta egungo euskararekiko duen aldea aztertu ditu, Gorka Lazkano itzultzailearen laguntzaz.

Errementari filmaren trailerra:

Sinopsia:10 urte pasatu dira 1833ko lehenengo Gerra Karlistatik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera daramate. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortzen du, eta agerian uzten du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.

Aktore-lanetan arituko dira, besteren artean, Kándido Uranga (“Vacas”, “Bosque de sombras”), Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy (“Aundiya”, “La Mina”), Ramón Aguirre (“Amour”, “Julieta”), Joxean Bengoetxea (“Negociador”, “Loreak”), Jose Ramón Argoitia (“80 Egunean”, “Pájaros de papel”), Itziar Ituño (“Lasa eta Zabala”, “Loreak”), Iñigo de la Iglesia (Monsters Do Not Exist ), Ortzi Acosta (“El Bosque Negro”, “Intacto”) edo Zigor Bilbao (“Cuéntame”).

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena