Izen emate epea irailaren 20an ireki zen eta astero gure eskualdeko izen ematearen berri emanen dugu. Azken asteotan burubelarri aritu gara Euskaraldiaren zabalpenean Lizarraldean eta fruituak ematen ari da jada, 173 lagunek konpromisoa hartu dute azaroaren 23 eta abenduaren 3 bitarte euskarari bultzada emateko, izan Ahobizi zein Belarriprest.
Gure eskualdeari dagokionez, honako udalerriei buruzko datuak bildu ditugu: Lizarra eta Irantzu Mankomunitateko herriak (Abartzuza, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Lezaun, Oteitza eta Villatuerta). Hala ere, gure inguruan badira beste udalerri batzuk non izena eman daitekeen: Viana, Gares eta Lizarraldeko Goi Erribera (Andosilla, Lodosa, Mendabia eta Sartaguda). Beste udalerrietako lagunek gertuen duten herrian eman beharko lukete izena.
Azkenik, geure eskualdeko batzordeetan galdezka, une honetan, urriak 15, honako datuak bildu ahal izan ditugu:
Lizarra eta Irantzu Mankomunitateko herrietan 173 lagunek eman dute izena. Gehienbat Ahobizi rola hartu dute eta emakumeak dira, hurrenez hurren %78 eta %61. Adinaren aldetik batez bestekoa 35 urte dira (eta ia berrogei lagunek hogei urtetik behera dute). Bestalde, udalerriaren arabera sailkatuta, %76k Lizarran eman dute izena eta Irantzu Mankomunitateko herrietan beste laurdena, 42 lagun. Erronka moduan, 2017ko azaroko Lizarrako Euskararen Maratoian 242 Ahobizi eta Belarriprestek parte hartu zuten, poliki-poliki ari gara kopuru horretara hurbiltzen!