Toponipuina: Bideo-ipuina Oteitzako toponimoak abiapuntu

Irriherri elkarteak bi urtean behin Mankomunitateko herrien Euskararen Eguna antolatzen du Irantzu euskara zerbitzuaren laguntzarekin, 11 edizio jada. Osasun krisiaren ondorioz aurten ezin izan da Oteitzan ospatu, aurreikusi bezala. Hortik abiatuta honako proiektu hau gauzatu da: TOPONIPUINAK. Hau da, herriko toponimia abiapuntu, bideo-ipuin bat sortu eta denon eskura jartzea. Bertakotik unibertsalera. Arbasoengandik belaunaldi berriengana zubilana. Sormena ondare publiko. Familia eta eskolentzat euskara transmititzeko tresna bat. Lotura honetan gurasoentzako dosierra elebiz ideia ugarirekin eta honetan transkripzioa.

Ipuina, gozamenaren abiapuntu eta transmisiorako tresna. Proiektu honek helburu ditu arbaso oteitzarrek garai batean egin zuten hizkuntza eta gaur egun haur askok jasotzen dutenaren arteko lotura sinbolikoa eta afektiboa indartzea, landa eremua, natura eta paisaia bera balorean jartzea, tokikoa eta unibertsala izatea, eta, beste neurri batean toki-izenak berreskuratzea. Eta dena ardatz komun baten inguruan: haurren gozamena euskaraz eta gurasoentzako zein eskolentzako tresna.

“BAZEN BEHIN OTEITZAKO BAZEKODORREAN” bideo-ipuina:

Ipuinaren kokapena: Bi toponimoak eta bertan dauden artzainen etxola eta uharka. Gurasoentzako eszenario bikaina ipuina bertan ikusteko:

Hortaz, ipuinaren abiapuntu izango ziren toponimoak ekaina bukaeran aukeratu ziren, herriko euskal jatorriko toki izenen zerrenda luzetik: Bazekodorrea eta Idoiberria. Lehen esan bezala, ipuinaren proposamena da Bazekodorrea dorrea izen bereko toponimotik gertu dagoen artzainen kabaña bat izatea. Hona hemen kabaña Google Maps tresnan. Eta jarraian toponimoak aukeratzeko irizpideak:

  • Toki-izenak iradokitzaileak izatea, istorio baterako abiapuntu egokiak. “Bazekodorrea” edo “Bazeko dorrea” (Bazeren dorrea) eta “Idoiberria” (Baltsa berria)
  • Herritik gertu izatea eta haur txikiekin irisgarri: herrigunetik 2 km-ra eta 20 minutu oinez pista eroso bat jarraituz.
  • Tokian bertan, istorioarekin lotu daitekeen eta nabarmentzen den zerbait izatea: zuhaitz deigarri bat, muinoa, harkaitza, etxola, iturria…. Kasu honetan, Bazekodorretik gertu, artzainen etxola berezi bat dago, orain gutxi zaharberritu dutena eta Idoiberrian, uharka eder bat, duela urte gutxi eraberritua.Etxola edo kabaña hori Florín dermioan kokatua dago, eta 1.756 urtean Pedro Jelos Maisuak eraiki zituen 7etako bat da, Deikaztelukoa. Oteitzan egun zutik dagoen etxolarik zaharrena da eta bere itxura koniko altxatuarengatik nabarmentzen da. Horrek dorre itxura ematen dio, Bazekodorre

Bazekodorrea toponimotik gertu dagoen artzainen etxola, aurten berreskuratua

Idoiberria uharka, orain urte gutxi berreskuratua

Ipuina, gozamena eta transmisiorako tresna, proposamenak ipuinari atarramendu handiagoa ateratzeko eta euskaraz gozatzen jarraitzeko:

  • Ibilalditxoa egin eta bisitatu istorioaren kokaguneak, Bazekodorrea eta Idoiberria. Bertan ikusi, taulan edo mugikorrean.
  • “Sorginkeria” abestu. Ipuinean zehar hainbat aldiz abesten da “Din dan matutian, hiru ezkila din dan boleran, dorrean bi uso hegalari…” eta batean Canon formatuan (abestia bi pertsona edo gehiagok abestea, bakoitza une ezberdin batean hasita). Ipuinaren bukaeran iradokitzen da Bazekodorrean zaudela abestia ongi kantatzen bada, balitekeela Galtzagorria agertzea… probatuko dugu? Hemen duzu abestiaren bertsio bat praktikatu ahal izateko.
  • Azpidatziak. Youtuben dagoen bideo-ipuinak azpitituluak aktibatzeko aukera du: euskaraz edo gaztelaniaz. Horrela, euskara ikasten ari direnei istorioa hobeto jarraitzen lagunduko diete euskarazko azpitituluek, eta, hortik abiatuta, seme-alabekin galdera edo elkarrizketa errazak euskaraz egiten. Gurasoak eredu dira seme-alabentzat. “Zer ikusi hura ikasi” dio esaerak, hortaz, helduek euskaraz aritzeak eta seme-alabek euskaraz ikastea eta hitz egitea baloratzeak, berebiziko garrantzia du haurrek hizkuntzarekiko atxikimendua sortu eta euskara eskuratzeko.

Ipuina amaitzearekin ez da istorioa amaitu, honek baditu itxi gabeko hari-muturrak. Asmatu azalpen edo ipuin berriak haurrari kontatzeko:

  • “Bazekodorrea”, edo Bazeren dorrea, nor zen Baze? Bi printzeak sorgindu zituen azti maltzurra agian? Hemen ideia gehiago izen honen bilakaera historikoa probestuta: Bazekodorrea edo Bazeren dorrea, Baraukodorrea edo baraua egiteko dorrea, Bazakodorrea edo Bazaren dorrea, Batzarredorrea edo batzarretarako dorrea
  • “Idoiberria” uharkan lamiak omen daude, topatuko ditugu? Ez daude? Zergatik alde egin dute?
  • Nortzuk ziren bi printzeak? Eta zergatik sorgindu zituen azti maltzurrak? Agian onartu ez zuten maitasun istorio batengatik? Nongo printzeak ziren?

Ipuinak ere eskaintzen ditu egun pil-pilean dauden jorratzeko aukerak. Hizketagai ederrak lirateke haurrekin solasean aritzeko eta hausnartzeko, adibidez:

  • Ipuinean Idoberriko uharka agertzen da. Nork eraikiko zuen? Zertarako? Gaur, horrelako uharkak egiten al dira? Zergatik? (Ura, bere garrantzia, autohornikuntza…)
  • Artzainen etxola forma bereziari erreparatu diozu? Hori bezalako eraikinik ezagutzen al duzu? Horrelako bat zuk zeuk eraikitzen animatuko?

Ipuinak Galtzagorri izaki mitologikoa aurkezten du. Nor da? Gehiago jakin nahi?

  • Ipuintxo.com-en ipuinak kontatzen laguntzeko APPak sortu dituzte, besteak beste Galtzagorri aztia: “Alvar Galtzagorria Sorgin Txikiren makila magikoa topatu du! Zer gertatuko ote da? Jarraitu bere abenturak Ipuintxoren unibertsoan!
  • Edo ikusi Agurtzane Intxaurragaren “Teresa eta Galtzagorria” animazio film zoragarria estreinatu zen 2017 urtean, izen bereko ipuin bilduma oinarrituta. Filma Kanalduden ikusgai duzue, hemen.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena