Irriherri-Villatuerta euskara taldea: udarako proposamena eta aurrekariak

Irriherri elkarteak Irantzu Mankomunitateko herrietan euskara sustatzea du helburu, hau da,  Abartzuza, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Lezaun, Oteitza eta Villatuertan. Urteak joan urteak etorri, ibilbide luzea egin du eta egokitzen jakin du.

Sorburu formala 2011n kokatzen bada ere, orduan hartu baitzuen elkarte izaera (eta horrekin batera izena, estatutuak eta irudia), berez bost urte atzera egin beharko genuke: Elkartearen jatorria edo aurrekaria eskualdeko euskararen egunean datza.

Festa honen inguruan sortutako beharrak eta euskara modu sakonago batean bultzatu nahi izateak eraman zituen 2011n Irriherri euskara elkartea sortzera. Beraz, esan daiteke izana izenaren aurretik izan zuela Irriherrik. Hona hemen Irriherriren aroak eta eskualdeko euskararen egunak, ezin baitira bata bestearengandik bereizi:

  • Lehen aroa, izana izenaren aurretik. Elkarte izaera gabe eta Irriherri izenik gabe, behinik behin 2006tik ari dira eskualdeko euskararen eguna antolatzen: Villatuertan 2006ko irailaren 16an, Lezaunen 2007ko irailaren 8an, Oteitzan 2008ko irailaren 13an, Abartzuzan 2009ko irailaren 19an eta Zurukuainen 2010eko irailaren 11n.
  • Bigarren aroa, izena eta izana bat, Irriherri elkartearen eraketa: Garisoainen 2011ko uztailaren 30ean, Jaitzen 2012ko uztailaren 28an, Oteitzan 2013ko urriaren 5ean, Lezaunen 2014ko maiatzaren 31n eta Abartzuzan 2015eko maiatzaren 30ean.
  • Hirugarren aroa, izena izana berri baten bila. Elkartea garai berrietara egokitzen ari da (eskualdeko D eredu berria, administrazioaren ekarpena eskualdeko euskarari…), Elkarteko kideen nekea eta lan-karga bere gain hartzeko gaitasun mugatua… azkenean etenaldia izan zen Abartzuzako euskararen egunaren ondoren eta festa hau bi urtez behin antolatzea erabaki zen: Urte batean Korrika Festa eta bestean Euskararen Eguna. Honela, aro berri honetako euskararen egunak, momentuz: Villatuertan 2018ko ekainaren 2an eta Oteitzan 2020an (data finkatzeke).

Hirugarren aro honetan Irriherrik gutxieneko egitura bat mantentzen du eta, honela, norbere herrian euskara sustatzeko gogoa duenarentzat babes eta laguntza bilakatzen da: Elkarte izaera (irudia, azpiegitura, eskualde ikuspegia, ekitaldien aurrekariak) eta finantzaketa erraztasunak (IFK zenbakia, bankuko kontu korronte zenbakia, hasteko gutxieneko finantzazioa). Gainera, Irriherriri jarraipena emanda, norbere herrian euskarari ematen zaion bultzada neurri batean beste Irantzu-herrietara zabaltzen da. Hori izan daiteke, adibidez, Villatuertan sortu den Irriherri taldearen kasua, honen hitzetan:

Aspalditik, euskararen erabilpena bultzatzeko beharra sentitu dugu Villatuertako bizilagun askok. 2011n Irriherri elkartea sortu zen eskualdean, eta elkarte horrek ematen dizkigun baliabideak probestu nahi ditugu gure herrian, Villatuertan, eta era autonomoan lan egiteko.

Gure helburua, euskararen alde egitea baino, euskaraz hitz egitea da. Horretarako, abuztuaren 6tik 10era (biak barne) jarduera batzuk antolatzea pentsatu dugu. Astegunetan haur eta gazteentzako jarduerak lirateke eta asteburuan denontzat, helduak barne. Data hauek finkatu nahi genituzke gutxi gora behera hurrengo urteetarako, Lizarrako eta Villatuertako festen arteko hutsunean.

Ekimen bikaina beraz, abiatu berri den Villatuerta-Irriherri taldeak proposatzen diguna. Ez da, gainera, hutsetik abiatzen den egitasmoa. Lehendik ereindakoak jarraipena izanen duela ematen du, ikusi bestela azken urteotan Irriherrik herri honetan antolatutako edo lagundu dituen zenbait ekitaldi:

2016ko urriaren 23an (laguntzaile)
Villatuerta tropikala (Euskara Plazara)

2016ko abenduaren 18an (antolatzaile)
Olentzero Laguntzailea

2018ko ekainaren 2an (antolatzaile)
Irriherriren eskualdeko Euskararen Eguna

 

2019ko urriaren 19an (antolaketa partekatua)
Lizarraldeko Kantari Eguna

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena