Euskara maitatzen hasteko hitzak: erakusketa, liburu-aurkezpena eta bisita gidatua

“Euskara maitatzen hasteko hitzak” erakusketa Villatuertara iritsi da eta azaroaren 30era arte egongo da ikusgai Villatuertako kiroldegian. Erakusketaren jatorria eta inspirazioa Pequeño diccionario sentimental izeneko liburua da, Regina eta Leticia Salcedok (testuak) eta Liébana Goñik (ilustrazioak) egina, Pamielak 2020an argitaratua. Erakusketak liburuak biltzen dituen 57 hitzetatik 17 ilustrazio aurkezten ditu.

Erakusketaren osagarri, azaroak 20, datorren larunbatean Regina eta Leticia Salcedo idazleak izanen ditugu Villatuertan, 12:00etan kiroldegiko erabilera anitzeko aretoan. Bertan, liburuaren aurkezpen eginen digute, honen jatorria eta zentzua. Aurkezpena nagusiki gaztelaniaz egingo da eta jarraian erakusketaren bisita gidatua egingo digute. Aldi berean bi bisita, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

Pequeño diccionario sentimental: 57 palabras para empezar a amar el euskera: Honako hau ez da ohiko hiztegi akademiko bat, hiztegi poetikoa da, oso hautaketa pertsonala. Hitzak «de todo corazón» (bihotz bihotzez) aukeratu dira, bai idazleek beraiek baita euskal kulturako pertsona ezagunek ere, helburu nagusi batekin: euskara ezagutzen ez dutenek uler dezaten zergatik antzinako hizkuntza hau, zorionez oraingoz bizitzaz lepo dagoena, zaigun horren maite eta txundigarri.

Espero dugu, bihotz bihotzez, hitz bitxiz beteriko liburu honek balio izatea zuen kuriositatea elikatu eta pizteko eta, nork daki, agian euskara ikasten hasteko ere!

 

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena