“Itzalen laborategia” Zudairin eta “Kasilda kartoi artean” Lodosan

Euskarabideak Gora, gora, fest kultur programazioa antolatu du azarotik abendu erdialdera arte, euskararen nazioarteko egunari begira. Jada zenbait ekitaldi egin dira eta aste honetan beste biren berri emanen dugu Lizarraldean.

Ostegunean, Zudairiko ludotekan 17:30ean, Itzalen laborategia: itzal-txotxongiloak sortuko ditugu eta haiekin esperimentatuko dugu: Itzalak argia behar du, eta argiak itzala. “Itzal antzerkia”, agian munduko antzerki mota zaharrena dugu. Litekeena da kobazuloetan suaren argiak sortzen zituen itzalekin hasiko zirela jolasean lehenengo gizakiak. Laborategi didaktiko eta dibertigarri honetan haurrek, haien kabuz, euskaraz, material erraz eta erabilgarriez euren elementuak sortuko dituzte, ondoren, oihalaren atzean inprobisatu eta esperimentatzeko aukera izanik. Era honetan haien sormenen ikusle eta parte hartzaileak izango dira.

Azaroaren 2an, larunbatean, berriz,  18:00etan Lodosako Kultur etxean: Kasilda kartoi artean antzerki musikala. Familientzako Tdiferenciaren proiektu berria da, berdintasunaren eta dibertsitate funtzionalaren aldeko konpromiso argia duena, eta berriz ere handien eta txikien hausnarketara garamatza. Gure protagonista neskato bat da, bere izenak esan nahi duen bezala, tinko mantentzen dena eta itxaropena inoiz galtzen ez duena, ezta unerik txarrenetan ere.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena