Euskaldunok optikara bueltatu beharko?

Ezagunak dira Lizarrako karriketan dauden hainbat bide-seinale non euskara azpian eta askoz ere letra txikiagoan jarria dagoen. Aurreko batean, Errotulagailuaren marra lodia ala lumaren lerro fina artikuluan, nolabait parekatu egiten genituen ezkutuan euskara karriketatik ezabatu nahia eta, bestalde, Udalak modu agerian orain gutxi onartu duen Musika Eskolako lanpostuen baremazioa, non euskara atzerriko hizkuntzen pare utzi duen. Oraingo honetan Udal berriaren aldaketa txiki bezain esanguratsua dakargu.

San Andres feriak Lizarrako ospakizun nagusienetakoa da, Puy egunarekin eta Lizarrako festekin batera. Bada, aurten, azken hamarkadako joerari uko egin eta ferietako kartelaren diseinuan aldaketa sinboliko bezain garrantzitsua egin dute: euskara txikitu dute.

Hemen dituzue 2010etik honako ferien kartelak: UPNko Begoña Ganuza 2014ko ferietara arte, EH Bilduko Koldo Leoz 2015-2018 feriak, eta Navarra Sumako Gonzalo Fuentes 2019koan izan dira alkate. Badirudi kontsentsua zela gaztelania euskararen aurretik jartzea eta antzeko ikusgarritasuna izatea. Hamar urteren ondoren eta hizkuntza aldetik oso agintaldi ezberdinak izan ondotik, kontsentsu hori hautsi eta euskarari subordinazio berria gehitu zaio: hizki tamaina nabarmen txikitu.

Oharra, irudiak handik eta hemendik jaso dira. 2011ko kartela ezin izan dugu kalitate nahikoan topatu, baina oso pixelatuta egon arren, besteen antzerakoa zen.

Lupa hemendik hartua.

Artikulua: Alfredo.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena