Estellerriko Irakurle Kluba, 2018/2019 denboraldia. Aurten bi idazle etorriko

Ohikoa den bezala, Lizarrako irakurle klubak seihileko honetan iraikurriko dituzten liburuen berri eman digu. Gogoratu, ohiko hitzordua izaten da hilabete bakoitzaren azken osteguna, Lizarrako liburutegian (saio arruntak goiko gelan) 19:30ean.

Lehena urriaren 25 honetan, Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin; jarraian, azaroaren 29an, Euskaraldia bete-betean dela, Garikoitz Goikoetxearen Euskara, irabazteko bidean (idazlea etorriko da).  Gabonetako atsedena eta gero, urte berriarekin, urtarrilaren 31n Leslie Feinberg-en Mari-mutil handi baten bluesa. Otsailaren 28an Dino Buzzatiren Tartariarren basamortua eta martxoaren 28an Koldo Izagirreren Franco hil zuten egunak.

Hurrengo saioaren data maiatzak 2 dugu eta Elena Ferranteren Adiskide paregabea  izanen da eta, 2018/2019 denboraldia amaitzeko, Iban Zalduaren Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ekainaren 6an. Azken honetan ere, ohikoa den bezala, idazlea izanen dugu ohorezko gonbidatu.

Aurtengo Irakurle Klubaren denboraldia berezi izanen da: Bi idazle ekarriko dira Lizarrara. Ohi bezala, denboraldia amaitzearekin batera, aurten Iban Zaldua eta, berritasuna, azaroko saioan Garikoitz Goikoetxea, Euskaraldiaren aitzakiarekin. Bestalde, gogoratzea joan den maiatzaren 31n gonbidatu izan genuen Eider Rodriguezek Euskadi Saria jaso berri duela Bihotz Handiegia liburuarengatik, zorionak!

 

1 IRUZKIN

  1. […] Estellerriko irakurle klubak egin ohi duenez, denboraldiko azken saiorako idazlea edota itzultzailea gonbidatzen du, eta oraingoan Iban Zaldua donostiarra izan zen gure artean. Aztergai izan genuen liburua Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak izan zen, idazleak argitartu duen azkena, hain zuzen. Berak hainbertze maite duen ipuingintza generoan kokatzen da, eta oraingoan 32 narraziok osatzen dute liburua. Eta dudarik gabe erraten ahal da Gasteizen bizi den egileak bertze maisulan bat karrikaratu duela, fikzioaren besta handia baita liburua: askotariko gaiak, bukaera ezin landuagoak, ekintzen lotura bikaina, destilazio eredugarria pertsonaien eraikuntzan, alferrikako edergarririk gabeko hizkuntza, oreka polita zientzia-fikzioko narrazioen eta errealistagoak direnen artean, baita narraitzaile ezberdinen erabileran ere. Finean, liburu ederra, batez ere literatura onak hain berea duen fikzio inteligentearen bila doan irakurlearendako. […]

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena