D eredu berriak Nafarroa erdialde eta hegoaldean, azken hamabostaldiko historia eta bilakaera

Uzkurrenek diote euskararen biziberritzerako ezer ez dela aski, ordu gehiago, baliabide gehiago, gehiagoren konpromiso handiagoa… denak dira beharrezko, baina euskara kalean gutxiago entzuten den herri horietan, bada ezinbesteko eragile bat: D ereduko eskola konprometitua izatea.

2000. hamarkadatik aurrera UPN-k euskararekiko politika guztiz oldarkorra eraman zuen praktikara, Euskararen legedian atzerakadak eta zonifikazioan zein murgiltze ereduen zabaltzea guztiz geratu zituen. Hamarkada horren amaieran baina, bere koaliziokide zen CDN (Hezkuntza departamentua bere kargu zegoen) eta baita PSN ere aldaketa txiki batzuk egiteko prest agertu ziren.

Hala, 2008-2009 ikasturtean Arangurengo D eredua ireki zen, “Hezkuntza. Euskara Nafarroan. Euskaraz ikastearen balentriak” eta handik urtebetera zonifikazioan aldaketa txikia egin zen: “Nafarroako Parlamentuak Noain, Beriain, Galar eta Aranguren euskararen eremu mistora sartzea babestu du” (2009ko iraila). Zoritxarrez, euskararekiko irekitasun txiki hori moztearren, UPNk CDN zigortu zuen eta “Miguel Sanzek gobernutik bidali du CDN“.

Garai beretsuan, 2009-2010 ikasturtean, ezohiko kasu berezia izan zen: 2009 Erroibarko eskolak D eredura egin zuen jauzi… nahiz eta hasieratik udalerria Eremu euskalduna izeneko horretan egon! Garai bateko fosila zirudien, matrikula eskasiagatik desagertzeko zorian eta “Las familias que hicieron resurgir la escuela unitaria de Erro“.

Baina, 2015era arte, zein zen Iruñerritik hegoalderako egoera? Bada, aurretik baziren murgiltze eredua eskaintzen zuten hainbat ikastetxe:

  • Lizarrako kasu partikularra, non 0 urtetatik hasita, derrigorrezko hezkuntza osoa egin zezaketen D ereduan (eta baita batxilergoa ere). Bertan daude 0-16 ikastola, 0-3 udal haur eskola, 3-12 Remontibal I.P.a eta 12-18 BHI Lizarraldea.
  • Eta, bestalde, Garesko I.P. eta, Lizarrakoaz gain, beste bost ikastola: Irunberri, Zangoza, Viana, Lodosa, Tafalla eta Fontellas/Tutera.

(Eskualdeko Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenaren barruan egindako “Egin dute hiru zati” Maria Morentinen jota ederra)

2015ean PSNren eta UPNren arteko harremana berriro ere gaiztotuta zebilen, hauteskunde giroa zen, eta PSNk aurrerapausu txiki berri bat ematera bultzatu zuten, “Euskararen legea aldatzea onartu du Nafarroako Parlamentuak“. Horrek ahalbidetu zuen, 2015-2016 ikasturtean berean, D eredua irekitzea Lizarraldeko iparraldean zeuden hiru ikastetxek: Abartzuza, Lezaun eta Zudairi. Urtetako inurri lanaren berri jaso zuen Argiak “D ereduaren epika” erreportajean. Gaur egun Abartzuza eta Lezaungo eskolak bateratu egin dira Zumadia proiektu arrakastatsuan.

Urte horretan bertan etorriko zen aldaketaren gobernua, eta lau urteko aldi horretan ikastetxe ugarik egin zuten jauzia D eredura. Ez zen ez bide xamurra izan, baina atzerabueltatik ez duten aldaketak lortuko ziren urte horietan, lerro berri ugari:

  • 2016-2017 hiru eskola: Caparroso, Lodosa eta Tafalla.
  • 2017-2018 hiru eskola: Allo, Antzin eta Erriberri.
  • 2018-2019 hiru eskola: Azkoien, Barasoain eta Sesma.
  • 2019-2020 eskola bakarra: Castejon.
Berria, Beti bultzaka artikulua

PSNk agintea hartu zuenean, erabat moteldu zuen zabaltze prozesua. Batetik, Gimeno Kontseilariaren agintean, D ereduaren aldeko kanpainak egiteari utzi zion Hezkuntzak; D eredu berriak irekitzeko sustapen lanik ez eta, aitzitik, alderdi sozialistak lerro berriak zabaltzeari oztopo ugari jarri dizkio. Esaterako, zurruntasunez ulertzen du gutxieneko matrikula egon behar izatea, kontuan hartu gabe jaiotza-tasaren txikitzea murgiltze eredu berrian gurasoek izan ditzaketen dituzten zalantzak eta kezkak.

Halaber, hasiera batean D ereduko lerroen irekitzea errazteko asmoz garai bateko Hezkuntza departamentuak diseinaturiko erreferentziazko zentroen mapa ere (D ereduko erreferentziazko ikastetxeen zerrenda handitu dute eremu ez-euskaldunean“, 2018ko urtarrila), berriro ere modu murriztailean ulertzea erabaki du PSNk eta, beraz, herriko eskolan matrikulatu nahi duten nahikoa haur egon arren (Mendigorria, Larraga…) horiei oztopo gehigarriak jartzen dizkiete D ereduko erreferentziazko zentro izendapena ez izateagatik.

Eta, hala ere, pitzadura berria apartheidaren horman: 2021-2022an Mendigorriko eskolan D lerro berria, Berriak jaso bezala: “Beti bultzaka, atea zabal dadin

Historia honen azken aurreko kapitulua 2022ko aurrekontuen harira etorri zen. 2022ko azaroko albiste honek iradokitzen duena zuzena bada, “Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontu akordioa egin dute“: “D ereduari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartu du (…) D eredua ezarriko dute Lezkairuko, Etxabakoizko eta Larragako ikastetxeetan, 2023-2024ko ikasturterako“, emanen luke PSNk gatibu moduan erabiltzen duela D eredua (egiazki, gurasoak). Hau da, gurasoen eskubideei muzin eginda, aurrekontuen negoziazio-mahaian erabakiko da hemendik aurrera D eredu berriak irekitzea? Bederen, Larragak 2023-2024an abiatu du.

Larragakoaren ibilbidea: 2022ko urrian Argian “Larragako eskolan D eredua eskatu dute gurasoek, baina Nafarroako Gobernuaren erantzunik gabe jarraitzen dute uztailetik“, Berrian “Larragako eskolan D ereduko ikasgela bat eskatu du guraso talde batek“, eta hurrengo astea”Gimenok ez du oztoporik ikusten Larragan D ereduko lerro bat jartzeko“, eta azaroan “Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontu akordioa egin dute“.

Garai bertsuan, Lerinen, 2023ko urtarrilean “Sortzen: «Gobernuak ez du D eredua eskaini Lerinen, familiek eskatu arren»“, martxoan Argian “Lerinen D eredua ezartzeari ezetz esan dio Nafarroako Gobernuak, eskari kopurua legez nahikoa izan arren” eta Naiz-en “Lerinen D eredua abiatzeko aldarria berretsi dute; 19 familia eta 25 haur, prest“. Hurrengo aurrekontuen zain egon beharko dute familia horiek?

Azkenik, Nafarroa erdialde eta hegoaldean protagonismoak lerro berrien (ez) irekitzea izan badu ere, 2023-2024an bada Tafallerrian aurrerapauso handi bat: “Comarcales: un gran ejemplo de lucha por la educación en euskera“, hau da, 2023-2024an Tafallako DBHn D eredua abiatu da, oraindik ere DBH-1 soilik, baina apurka-apurka ikasmailetan gora eginen du.

Tamalez, Batxilergoa ez da euskaraz eskaintzen, eta une honetan Ikastolatik ateratzen diren gazteek euskaraz jarraitu ahal izateko Iruñerrira alde egin behar dute. Zergatik ez dago jada Batxilergoa euskaraz? Lizarran 1990an posible izan baldin bazen, Ikastetxe Publikoetako ikasleak iritsi baino lehen, zergatik ez Tafallan? Hemen BHI Lizarraldeko testingatzak, “D ereduaren hastapenak Institutuan“.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena