D ereduaren hastapenak Institutuan

Maite, Ziortza eta Irantzu institutuan D ereduan ikasi ahal izan zuen lehenbiziko belaunaldiko kideak dira. Haiekin elkartu gara ezagutzeko nola bizi izan zuten hasiera hura.

INB Estella, Oncineda Institutua, Lizarraldea BHI, hiru izen Institutu baten historiarako. Lizarrako Institutuaren ibilbidea 1975ean hasi zen, diktadorearen heriotza baino 15 egun lehenago. Lizarrako udalak urte eta erdi zeraman Hezkuntza ministerioarekin harremanetan Batxilergoko Institutu publiko bat ezartzeko borondate irmoarekin. Onespena lorturik, berehala abiatu nahi zuten. Institutu berrirako Ontzineda dermioa aukeratu zen eta eraikina altxatu bitartean, kokapen egokia behar zen. Verbo Divinoren egoitzan aurkitu zuten aterpe eta han eman ziren eskolak 3 urtez. 1978an, Ontzinedako eraikina akiturik, hara aldatu zen Institutua.

Artean, baina, ez zegoen Batxilergoa euskaraz egiteko aukerarik, ezta ikaslerik ere. Izan ere, Ikastolak 5 urteko ibilbidea zuen Institutuak bere bidea hasi zuenean.

14 urte pasatu behar izan ziren BBBean (BUP) D ereduari hasiera emateko. Ikastolak bazeraman denboratxo bat eskaera hori egiten eta azkenean lortu egin zen, 1989-1990 ikasturtean hain zuzen ere. Orduan Javier Blanco zen zuzendaria eta hiru irakaslerekin abiatu zen ikasturtea: Bixente Serrano Izco, Ana Isabel Gonzalez San Sebastian eta Sara Perez Garcia. Hiruren artean moldatu behar izan ziren ahalik eta ikasgai gehien euskaraz emateko. Bixentek Euskara, Historia, Musika eta Etika ematen zien 22 ikasleko talde hasi berriari, Ana Isabelek Natur Zientziak eta Sarak Matematika.

Lehendabiziko promozioko ikasle horiek 1975ean jaioak ziren, Institutuaren sorrera urte berean. Haietako batzuekin egoteko aukera izan dugu eta haien oroitzapenak gurekin partekatu dituzte. Diotenez, jakin zutenean euskaraz ikasten jarraitu ahal zutela, arnasa hartu zuten. Ordura arte, institutura pasatzerakoan, ikasketak gaztelaniaz jarraitu ahal izateko, udan zehar Ikastolan erdarazko prestakuntza jaso behar zuten. Lasaitu ederra eman zien ikasketak euskaraz segitzeko aukera izateak. Oroitzen dute beraiek ere udan erdarazko prestakuntza jaso zutela, ez baitzen segurua D ereduak aurrera eginen zuen.

Galdetu diegu ez ote zuten beldurrik ikastetxe berri batera joateko orduan, etapa berria hasteko orduan. Ez zutela beldurrik diote, ez zutelako hizkuntza aldaketarik egin behar eta gainera, betiko taldekideekin segitu ahal zutelako. Hasierako urte horretan ikasgela txiki bat egokitu zieten Institutuan, bertze geletatik urrun eta horrek taldea gehiago trinkotzeko balio izan zien. Oso errebindikatzaileak ziren eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzen zituzten, hasierako urtean ez baitzituzten arlo guztiak euskaraz. Baina ez ziren aldarrikapenean gelditzen, haien arteko komunikazioa euskaraz izaten zen, baita eskolatik kanpo ere. Batez ere hasierako urteetan. Geroago, onartzen dutenez, harremanak zabaldu ahala, erdarara jotzeko joera handituz joan zitzaien. Dena den, belaunaldi hartako kide ugarik ez dute hizkuntza ohitura galdu haien arteko harremanetan eta eguneroko bizitzan, eta familia transmisioa ere bermatu dute.

Urte haietako bizipenak, pasadizoak eta mota guztietako oroitzapenak partekatzen eman dugu denbora. Entzuten zuten musikaz, intsumisio mugimenduaz, lehendabiziko maite-kontuez…

Eta nola ez, ezin izan diogu eutsi oraingo gazteekin konparatzeko tentazioari: jokamolde, moda, musika berria… Kanpotik gauzak aldatu direla dirudien arren, gazteek gazte izaten segitzen dute eta balioak ez dira hainbertze aldatu. Ea hizkuntza ohiturak ere ez dituzten bazter uzten… Denon itxaropena da.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena