Maiatzak 14, asteartea, 20:00etan Gazteriaren Etxean: UMOREA bakarrizketa Jose Kruz Gurrutxagarekin. Jose Kruz aktore eta zuzendari aritu da hainbat telesail ezagunetan (Goenkale, Hospital Central, Mi querido Klikowsky, El comisario…), zineman (Ander, Todos estamos invitados, La víctima número 8…) eta antzerkian (Irri par txou, Declaracion de Guillermo, Umorea).
Umorea izenburuan hitz joko bat. Jolasa. Horixe delako antzezpen ororen funtsa, jolasa. Eta ikuskizun guztien oinarri. Umorea eta ikuskizuna. Ikusleak eta antzezlea. Harreman horretan bakoitzak bere rola bete behar. Umoristarena badakigu zein den baina ba ote dakigu ikuslego edo publiko izaten? Umoristak istorioak kontatu eta ikusleak barre egin. Hain zaila ere ez da.
Oraingo honetan niri gertatutako istorioak kontatuko ditut, edo niri gertatu zaizkidala esanez, asmatutakoak. Azken finean berdin dio. Pentsa, ni neu jaio aurretik gertatutako istorioak ere kontatuko ditut. Proto-istorioa edo pre-istorioa deitu beharko nuke?… Gero jaio nintzen, zoritxarrez niretzat, eta komiko profesionala bihurtu naiz, entzutera datorrenarentzat kalte. Izan ere publikoak ez du nire artea ulertzen. Artista askori gertatzen zaion bezala.
Eta artista, artista bada, errebeldea izan behar du, bihurria, beti sistemaren aurka… bueno, hain aurka ere ez, izan ere emanaldi hau kobratu egingo dut, ados?
Ikuskizuna bukatu bezain pronto, bai!…beno, hain erradikala ere ez da izan behar, ikuskizuna kobratu eta gero esan nahi nuen…orduan bai! Orduan bihurria izango naiz berriro! Izan ere ni, ez badirudi ere, errebelde bat naiz. Eta ikusiko duzue. Hobe esanda, entzungo duzue.
Solasaldian zehar nire lanbideaz arituko naiz, beraz, nire familiaren inguruan, nire bikote harremanei buruz, nire sexu praktikari buruz…Eta morboa gustukoa duzuela dakidanez, bakarrizketa ikustera etorri beharko duzu zure jakin-mina asetzeko, fucking bastard!.
Tira, eta ez baduzu ikustera etortzeko gogorik, hau da zure bikokideari bururatu zaion plan “zoragarri” hori dela eta behartuta bazatoz, gutxienez disimulatu eta asko interesatzen zaizula adierazidazu, mesedez, batzuetan gezurrak esatea ona delako. Egin ezazu nire osasunagatik. Nire seme-alabengatik ere egin dezakezu ezta? Ez da polita umeak aita ikusteko psikiatrikora joan behar izatea.