Zinema euskaraz Lizarran: Lau urtean gutxienez 61 film eta 5.000 ikusle

Orain lau urte Los Llanos Kulturaguneko aretoak kudeatzeko plegua berritu zen eta orduan ereindakoa urteotan loratu da. Gauza guztiek dute hasiera bat, eta kasu honetan bi, publikoa existitzen zen/da eta eskaintza falta zen.

Lau urte dira jada, Udalak Los Llanos Kulturaguneko hiru aretoen kudeaketarako plegu berria egin zuela. Baldintza-plegu horrek 45 orrialde zituen, horietan Udalak jaso nahi zuen zerbitzua deskribatzen zen. Batetik, bete beharreko baldintzak, bestetik enpresen eskaintza teknikoan baloratuko zena.

Dokumentu luze horretan, bi paragrafo txiki zeuden. Bata, betebeharretan, “Cumplir con las prescripciones de la Ordenanza del Euskera del Ayuntamiento de Estella-Lizarra en su comunicación en general con las personas usuarias: cartelería, web, puntos informatizados de venta, etc.”, eta bestea eskaintza teknikoaren atalean, “Inclusión en la programación de todas las películas realizadas o dobladas al euskera que lleguen al circuito comercial de exhibición de cine.

Bi lerro horiek ekarri dute Lizarra euskal zinemagintza produkzioaren geltoki pribilegiatua izatea Nafarroan. Pribilegiatua diogu, ez dagoelako honelako eskaintzarik Iruñeko Golem Moreatik kanpo. Hala, 2018tik gaur egunera arte, lau urte oso, gutxienez 61 film ekarri dira euskaraz edo nagusiki euskaraz. Eta publikoak erantzun du, 5.000 ikusletik gora izan dira. Kontuan hartu behar da 2018tik atzera, euskarazko film bakarra edo gehienez ere bi ekartzen zirela urtero. Ordutik aurrera, 12 film baino gehiago ekarri dira batazbeste urtero.

Gabonetako zinema: Urtarrilaren 3an Los Llanosen proiektatuko da

Gainera, kontuan hartu behar da, batetik, datu horietan soil-soilik enpresaren bitartez ekarritako filmak daudela. Bertan ez dira jasotzen hainbat Mendi Astetan proiektatu diren dokumentalak, Gareanek egindakoak, edo Nafarroako Filmotekarekin orain ekartzen hasi direnak. Azken honekin, adibidez, adostu da urtean lau ikusentzunezko ekartzea, horietako bi euskaraz.

Bestetik, landa-ikerketa sakona izan arren eta datu zehatzetatik oso hurbil egon arren, gutxieneko baten gisa hartu behar dira. Hau da, litekeena da euskaraz proiektatutako filmeren bat baino gehiago oharkabean pasa izana datuak biltzean.

  • Film gehienak familiei zuzenduriko animaziozkoak izan dira, guztien %69. Dokumentalak %11 izan dira eta helduentzako filmak %20.
  • Ikusle kopuruetan ere, antzera, haur-zineman %58, helduentzako filmeetan %25 eta dokumentaletan %17.

Lizarraldeko publiko euskaldunak erakutsi du eskaintzen denean, erantzuten duela. Eta, gainera, eskaintzak eskaria handitzea ekartzen duela. Eta, gainera, euskarazko zinema ekoizpenaren industria, txikia izanik ere, ere momenturik onenean dago. Esaterako, 2023ko otsailean espero dugu Nafarroako historia eta Euskal Herriko mitologia uztatzen dituen fantasiazko filma: «Irati, izena duen guztia bada», espektatiba handia sortu du. Eta, bestalde, Gabonetako zineman «Rabbit Academy, Pazko arrautzen lapurreta handia» proiektatuko da urtarrilaren 3an 17:00etan.

Ez da kasualitatea familiek jaso izana eskaintzarik zabalena. Izan ere, familiendako kalitatezko zinemaren eskaintza jarraituak «haurrentzat, eskolatik eta etxetik kanpo beste modu bateko bizipenak» jasotzea erraztuko baitie, izan ere «filmek ametsak eragiten dituzte, kontakizunarekin lotzen ditu ikusleak eta pertsonaiekin bat egiten dute egoera askotan» ,eta hortaz, gaztetxoen kasuan, «zeresan handia du film horiek txikitatik euskaraz ikustea, jasotzen duten hizkuntza horretan hasiko baitira amets egiten haur horiek, eta pixkanaka hizkuntza horretan pentsatzen hasiko dira», pasartea era.eus webgunetik jaso da.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena