Iratxe Perez Barandalla zinemagileari elkarrizketa

@Iratxe Perez

Ikusentzunezko ikasketak egin ondoren, Iratxe Pérez Barandalla (1982, Lizarra) edizioan eta postprodukzioan espezializatu zen. Aurrena, script lanetan hasi zen zineman, telesaioetan eta publizitatean. Besteak beste, 2002tik «Soinujolearen semea», «A escondidas», «Baztan», «La felicidad perfecta» edo «Entrelobos» pelikuletan lan egin du.

Elarrizketa hau Kotarro aldizkariaren 62 zenbakian argitaratu zen.

Zinemagile gisa sailkatzen duzu zeure burua, baina baita script, gidoilari eta zuzendari gisa ere. Zein da ezberdintasuna? Zertan datza script-lana?

Lanbide honetan oso lanpostu desberdinak daude, baina benetako ezberdintasuna gehienbat datza zinemagintzan teknikari gisa aritzea edota autore gisa zure pelikula aurrera ateratzen saiatzea. Bigarren bidea, noski, askoz zailagoa da eta oso jende gutxik lortzen du autore lanaz bakarrik bizi ahal izatea.

Nire kasuan, teknikari gisa script lanetan aritzen naiz eta, bestalde, nire ekoiztetxe propioarekin neure gidoiak plazaratzen ditut zuzendari lanetan.

“Script supervisor” zuzendaritzaren eta muntaiaren arteko zubia da: Grabaketan kontuan izan behar ditut argia, soinua, janzkera, gidoia… arlo guztietan, kontinuitatea beti errespetatu dadin, ondoren muntaian arazorik ez izateko. Jende orok uler dezan, nire lana pelikulan “gazaporik” ez egotea da.

Izan al duzu inoiz tentaldia kameraren beste aldera jauzi egiteko?

Bada, egia esan, kameraren aurrean hasi nuen ibilbidea: Lizarra Ikastolako antzerki taldean urtetan ibili nintzen Ion Barbarin eta Iosu Reparazekin… betidanik, gaztetatik, izan dut istorioak kontatzeko grina. Gaztaroan ipuinak idazten nituen, ondoren antzerkian eta dantzan aritu nintzen, baita musikaren bidez ere, irratsaioak egiten nituen… eta horregatik erabaki nuen zine eskolan sartzea.

Zinea oso arte gaztea denez beste arte tradizionalengandik zertxobait lantzen du: Gidoian, literaturaren egitura; kameran eta argiztapenean, pinturaren eta argazkiaren konposizioa; dekoratuen eraikuntzan, arkitektura eta eskulturaren baldintzak; soinu-bandan eta muntaian, musika; antzerkia eta dantza, aktoreen pertsonaien eratzea… nolabait, ahalbidetu dit gaztetatik hainbeste maite izan ditudan beste komunikazio-bideak jarraitu ahal izatea. Kameraren aurrean pare bat laburmetraietan parte hartu nuen, baina kamera atzeko lana nahiago dut.

Bide luzea egin duzu zinemagintzan, 2002an hasi zinen, eta aspaldi Sevillan ari zarela lanean. Ofizioko urteek ematen dizuten esperientziatik, hizkuntzak ematen dizun gertutasunetik eta lantokiak ematen dizun distantziatik, nola ikusten duzu azken hamarkadako euskal zinemagintza?

Azken hamarkadako euskal zinemagintza geroz eta hobea ikusten dut: Euskarazko pelikulak egiten dituen zuzendari, teknikari, aktore eta ekoizle belaunaldi oso profesionala dago gaur egun. Eta horren ondorioz «Irati», «Akelarre», «Errementari», «Handia», «Loreak»… pelikulak egin ahal izan dira. Dokumentalaren arloan ere, maila handiko ekoizpenak egiten dira, geroz eta hobeagoak. Baina hori gertatu ahal izateko, baliabideak behar dira: Donostiako zinemaldiak ematen duen bultzada adibidez, oso inportantea da merkatuaren aldetik. Baita Euskadiko eta Nafarroako Gobernuek euskarazko pelikulak kultur departamentuetatik bultzatu izana edo ETB-ren babesa ere.

Bestalde, distribuzio-merkatua izugarri aldatu da Netflix, HBO, Amazon Prime… bezalako plataformekin eta, etorkizunari begira, euskal zinemaren erronka plataforma horietan bere lekua lortzean datza.

Zure ekoiztetxea sortu zenuen, Simetría Producciones, eta besteak beste Argelia, Kuba, Japonia, Frantzia, AEB eta Espainian barna ibili zara. Nolakoa da ezagutzen duzun konfort gunetik atera, estudioa, hiria, … eta lurralde urrun horietan lan egitea?

Esperientzia aldetik, oso aberasgarria da: Dokumentalen ekoizpenetan lan egiteko, bidaiatzea gustuko behar duzu, harremanak eta besteenganako jakin-mina.

Lehenik, hizkuntza aldetik itzultzaile bat behar duzu lantaldean, baita aurreprodukzio hilabeteetan ere: Bertako egoera eta kultura ondo ezagutzen duen norbait, grabaketa  baimenak lortu ahal izateko. Japonian adibidez, lehenik ingelesez mintzatzen ginen eta ingelesetik japonierara itzultzen zuen lagun bat izan genuen. Ondoren, japonieratik zeinu hizkuntzara itzultzen zuen beste bat.

Bestalde, teknikoki, bertako elektrizitate sistema ezagutu behar duzu: herrialde bakoitzak berea dauka eta egokitzaileak behar izaten dira kamera-bateriak kargatu ahal izateko, argi-lanparak etab… Kubako eskualde batzuetan adibidez, arazoak izan genituen elektrizitatearekin.

Eta azkenik, eguraldia eta klima kontuan hartu behar dira: basamortu erdian, oihanean edo elurrarekin lan egiteko, tresna oso desberdinak behar dira eta aparatu teknologikoak ongi mantendu behar dira hezetasun, bero eta hotz egoera gogorretan. Mendiko arropa berezia behar izaten da ere bai, lan taldearentzat.

@Iratxe Perez

Zure ekoiztetxearekin bereziki gai sozialen inguruko dokumentalak egin dituzu: Saharako ikasleen exodoa, lanbide zaharrak eta auzolana, Jurramendiko gertakariak, rock-aren emakume aitzindariak… gaiak aukeratzen zaitu? zerk pizten dizu gogoa?

Bada, egia esan, ia denak kanpotik egindako eskaerak izan dira. Baina gai bati buruz idatzi eta filmatu ahal izateko, ikerketa handia egin behar da aurretik, testuingurua ondo ezagutu. Gai sozialak lantzen dituzunean konpromiso etiko bat ere sortzen da partaideekin, harreman estu bat.

Balantza batean jarriko bazenu, zer alde on eta txar ditu aktoreekin edo istorioen benetako protagonistekin lan egitea?

Aktoreekin lan egitean, aldez aurretik fikziozko pertsonaia bat eraiki duzu gidoian, eta pertsonaia horren jarrera istorioaren beharretara eraikitzen da: Erreakzioak, zerk motibatzen duen, ezaugarri psikologikoak eta fisikoak, janzkeraren koloreak… dena aurretik lantzen da. Filmatzean, zuzendari lanean jarraibide ugari landu daitezke aktoreekin: Zer esaten duen, nola, zergatik, gorputzaren partitura… eta behin eta berriro errepika daiteke, kameralariaren, makinariaren, foku-arduradunaren, aktorearen eta mikrofono-arduradunaren arteko koreografia ondo atera arte.

Benetako protagonistekin lan egitean, sortze-bide hori alderantziz egin behar da: Pertsonaren ezaugarriak ezin dira historiara moldatu, ezta zure gustura eraiki ere. Zuk ezagutu behar dituzu poliki-poliki: Zerk beldurtzen duen, zerekin amesten duen, zergatik jokatzen duen horrela… eta horrekin, historia eraiki. Dokumentalak ez dira gidoietan eraikitzen, baizik eta muntaian. Filmatzen ari zarenean ez dira zuzendari-aginduak ematen, soilik estimuluak, eta ez da behin eta berriro errepikatzen. Beraz, kamerarekin trebea izan behar duzu. Ikuspegi zabala izan behar duzu, koreografia aurkitu, ez agindu.

Nik beti esaten dut dokumentala zinearentzat, musikarentzako jazz-estiloa bezalakoa dela: “zuk ez duzu istorioan agintzen, istorioak zuri agintzen dizu”. Eta sormen dantza hori oso oso polita da, dantza horren arauak eta baldintzak onartzen baldin badituzu.

Publizitatea, telebista, zinema… zerk ematen du jaten? eta zerk betetzen zaitu gehien?

Teknikari lanetan, telesailek hilabetetako edo urtetako kontratuak izan daitezke, zinemak zortzi edo bederatzi astetako lanaldiak izaten dira, eta publizitatean pare bat egun soilik. Diruaren aldetik beraz, teknikarientzako telesailak egonkorragoak dira, gaur egun gainera zinemaren itxura eta lan tresna berberak erabiltzen dira, beraz sormen aldetik ez dago alde handirik. Zuzendari lanetan berriz, soldatarik handienak publizitatearenak izaten dira, jakina, baldin eta ospe handiko zuzendaria bazara.

Nire kasuan, zinema dut gustukoen, eta hor hiru motatako pelikulak daude: fikziozkoak, dokumentalak eta animaziozkoak. Hirurak maite ditut berdin eta baita haien arteko hibridoak ere. Publizitatean izan dudan esperientzia ez dut oso gustukoa izan, baina izugarrizko baliabide teknologikoak izaten dituzte eta, hori bai zaidala interesgarri. Helburua, ordea, ez horrenbeste.

Une honetan «Todos lo sabian» dokumentalarekin ari zara, elizaren pederastia kasuen inguruan. Gai zinez gordina, zer ekarpen egiten dio dokumentalak jasan duten pertsonei eta gizarteari?

Bai, bi urte daramatzagu grabaketan, Nafarroan bereziki eta Lizarran bertan gainera. Aurten Estatuko kongresuan erakunde katolikoen pederastia kasuak ikertzeko lehen urratsak eman dira eta Nafarroako parlamentuak Foru lege berri bat onartu du, Estatu mailan aitzindaria. Beraz, gertaera berri hauetara moldatu behar izan dugu grabaketa eta estrenaldia datorren urtera atzeratu.

Gai gordina eta gogorra izanik, partaideen eta teknikarien artean izaten ari den harremana oso berezia eta polita izaten ari da. Zinemak, berez, ez du gaitasun eraldatzailerik edo terapeutikorik, baina dokumental-zinemaren ezaugarririk goraipatuenetakoa da memoria-kolektibo gisa duen balioa. Badu iraganeko gatazken berrikuspenean hondar ale bat gehiago ekartzeko gaitasuna. Gizartean eztabaida sortzeko indarra eta betebeharra izan dezake.

2002an zinemagintzan hasi zen neska hari zer esango zenioke orain? Aholkuren bat emango zenioke? Eta orain zinemagintzan interesatua egon daitekeen Lizarrako ikasleren bati?

Egonkortasun handiagoko ikasketak egin ditzala!! … ez, ez, txantxetan ari naiz, kar-kar-kar. Zinemagintzarekin maitemindua nago, eta maite duzun arloan lan egitea oso aberasgarria da. Interesa duen ikasleari esango nioke zinegilea izateko aurrena zinefiloa izan behar duela, pelikula asko ikus ditzala, abangoardia artistiko guztietakoak.

Pentsatzekoa da lanaren zatirik handiena gaztelaniaz izatea, eta Sevillan bizi zara. Zer ematen dizu euskarak?

Lehenik eta behin, euskarak euskal zineman lan egiteko aukera eman zidan: Euskara jakin gabe, ezin izango nuke script-lana edo zuzendari-lana egin euskarazko pelikuletan. Eta euskarazko pelikuletan lan egin dut gehienbat, beraz aukera hori, euskarari zor diot. Euskal zinema nahiko industria txikia da eta denok ezagutzen dugu elkar, beraz familia baten antzera sentitzen dut. Bigarrenik, nire kulturaz aritzen diren historietan murgildu ahal izatea gustuko dut: Nola izango naiz beste istorio batzuk kontatzeko gai, nirea, bertakoa, ezagutzen ez baldin badut?

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena