“Ze Berri?” 129 kalean, Abartzuzako eskola protagonista

Kalean dugu Ze Berri? aldizkariaren 129. zenbakia. Bertan Abartzuzako eskolari buruzko erreportaje eta elkarrizketak topatuko ditugu. Ikastetxe hau landa eskolen bizirautearen ikur dugu, horren eredu urteotan bizi izan dituen bi mugarri ezinbesteko: 2015ean D eredua eskaintzen hastea eta, berehala, soilik Abartzuzako eskola izateari utzi eta eskualdekoa izatera igaro: Abartzuza, Deierri, Gesalatz, Jaitz eta Lezaungo haurrak hartuko dituena, 100 inguru.

D ereduari buruz, honakoa dio Ze Berri?-k:

Euskarazko hezkuntza, eleaniztasun benetakoa lortzeko bidea. Euskarazko hezkuntzak bereziki zaintzen du hizkuntzen trataera integratua. Euskara modu trinkoan lantzen da, curriculumari lotutako jarduera egokien bidez, hau da, ikaslearen adinari eta gaitasunari egokitutako jardueren bitartez. Gaztelaniaren irakaskuntzan, hizkuntza eta literatura lantzen dira, eta, bereziki, hizkuntzaren alde formalak eta akademikoak. Atzerriko hizkuntzak curriculumeko edukien bidez lantzen dira. Metodologia komunikatiboak erabilita, ikasleak hasieratik erabiltzen du hizkuntza era aktiboan. D ereduak, eredu eleaniztuna baita, errazten du atzerriko hizkuntzak bereganatzea eta, era horretan, beste kultura batzuetako ateak zabaltzen ditu.

Aurreko artikuluaHerri inauteriak, larunbateko egitaraua eta azken urteetako kartelen bilduma
Hurrengo artikuluaNavarrorum erakusketa, otsailean Lizarran