Uxue Alberdi Estibaritz Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984) idazle eta bertsolaria, Kazetaritzan lizentziatua, apirilaren 24an etorriko da Dendaostekoak liburuarekin literatura solasaldia egitera. Hori dela eta, elkarrizketa egin diogu Kotarro aldizkariaren 64 zenbakian. Horrekin batera, eta probestuz erantzunak audioz bidali dizkigula, audio formatuan ere paratu dugu iVoox-en:
Esan ohi da idazle ona izateko, irakurle ona izan behar dela. Noiz-nola piztu zen zure irakurzaletasuna?
Uste dut txiki-txikitatik eman didatela hitza, literatura eta kantua edateko. Oso loti txarra omen nintzen eta aitak atzera eta aurrera etxeko pasilloan ordu mordoa pasa omen zituen niri kantatzen, eta kantu horiek, dudarik ez daukat, euskal kantu zaharrak, bertso zaharrak eta abar izango zirela, asko letradunak. Eta beste alde batetik, ama liburu saltzailea da. Beraz, gure etxeko paretak liburuz beteta daude txiki-txikiak ginenetik.
Txikitatik izan dut literatura, hitza, hitzaren ederra, kantua, eskura, eta beti identifikatu izan naiz horrekin. Koadernoak dauzkat 12 urte neuzkanetik, idatzitako bertso paperak, nire ideiak eta iritzia ordenatzeko, haserretzen nintzenean, maitemintzen nintzenean… emozioak bideratzeko modu bat izan da niretzat idazketa.
Ba al da bereziki markatu zaituen libururik?
Ba, asko esango nuke! Bueno, ume-umetara joanda, asko gustatzen zitzaidean «Sirena» saila, baziren mordo bat eta horiek denak irakurtzen zizkiguten. Gero pixka bat koxkortu nintzenean, 10 bat urterekin, akordatzen naiz Roald Dahlen Matilda-k harrapatu ninduela, asko-asko gustatu zitzaidala, eta hori izan zen nire lehenengo dezepzioa gero pelikulan ikusi eta ez zelako nik imajinatzen nuena.
Gero, bai 14 bat urte neuzkala, Ana Franken egunkaria irakurtzean, eta 16rekin amak pasata, Saramagoren Ensayo sobre la ceguera-rekin, erabat inpresionatuta gelditu nintzela. Eta gero, Bilbora ikastera joan berritan, ikasle-pisuan, asko markatu ninduen liburu bat izan zen Arkaitz Canoren Neguko zirkua. Nik uste hor izan zela, ordurako oso garbi nuen idatzi egin nahi nuela, baina liburu hori irakurri eta izan zen «hau egin nahi dut», erabat liluratu ninduen liburua.
Nolako harremana izan duzu eta duzu liburutegiekin? Liburutegi erabiltzailea zara?
Umetan arratsalde pila bat pasatzen nituen Elgoibarko liburutegian, orduak eta orduak irakurtzen… asko gustatzen zitzaidan liburutegira joatea eta liburutegitara jolastea. Umetan asko jolasten nintzen liburuzaina nintzela eta liburuak mailegatzen nituela eta seilua jartzen nien liburuei. Gogoratzen naiz baneukala seilo bat Cobirena, Cobi maskotarena, eta horrekin seilatuta daude gure umetako liburu guztiak ibiltzen nintzelako liburuzainetan jolasten.
Gero egia da, amak eta izebak liburudenda izanda, askotan dendak egin izan didala liburutegi funtzioa. Askotan erosi egiten ditut liburuak, baina beste batzuetan irakurri eta txukun-txukun dendara bueltatu.
Gaur egun zein garrantzia dute herrietako liburudenda txikiek?
Ba nik zer esango dizut, nire ustez handia. Iruditzen zait, orohar, gertuko merkataritzak gure ongizatearen alde egiten duela, herriaren biziaren alde, eta herritarren arteko harreman aurrez aurreko eta eguneroko eta zaintza sare bat dela bere horretan. Askotan egiten dituzte tokatzen ez zaizkien lanak ere. Gaur egun denda txikietan jendearen Amazoneko paketeak jasotzen dira. Eta pensatzen dugu, dendak desagertzen direnean, non utziko dituzte haientzako diren paketeak?
Nik uste dut liburudenda bat herri batean birika txiki bat eta bihotz txiki bat dela, odola punpatzen duena. Eta Pitxintxuk urtean 8.000/9.000 liburu saltzen baldin baditu, denda hori desagertzen baldin bada, horietako batzuk salduko dira, seguru baietz, baina beste milaka batzuk ez dira salduko. Gertu egoteak, begien bistan, dendan esku-eskura izateak, espero gabeko liburu bat eskuratzea ekar dezake. Izan ere, ikusten ez duguna ez da existitzen. Artea, pentsamendua, edertasuna, literatura… denon eskura egon beharko lirateke, eta horregatik iruditzen zait hain inportanteak liburudenda txikiak eta liburutegi publikoak.
Dendaostekoak azken liburua duzu. 2007an Aulki bat elurretan argitaratu ondoren, Aulki-jokoa, Euli giro, Jenisjoplin etorri ziren. Nolakoa da nobela edo ipuin bat sortzeko prozesua?
Badago bulkada bat, oso intimoa, izan daiteke beldur bat, hobeto ulertu nahi duzun zerbait, mindu zaituen zerbait, zeharkatu zaituen zerbait… istorio bat kontatzera eramaten zaituena, eta lotzen duena idazlearen ipurdia milaka ordutan aulkira, eta historia horretara lotzen duena eta ez beste batzuetara.
Gero forma aukeratu behar duzu: Honi buruz idatzi nahi dut, baina hau zer da, fikzioa da, ez-fikzioa da? Haurrentzako zerbait egingo dut edo helduentzako? Ipuin bat da, ipuin labur bat, edo arnas luzeagoko narrazio bat da? Iritzi artikulu bat da? Bertsotan esan nahi dut? Batzuetan gaia eta forma, biak batera etortzen zaizkizu. Eta beste batzuetan, aldiz, badaukazu bulkada bat, gogo bat, zerbaiti buruz idazteko, baina ez duzu forma egokirik topatzen.
Asko dauka lanetik eta bilaketatik, eta daukan ederra eta zaila da askotan ez dakizula zer ari zaren bilatzen. Batzuetan frustratu egin zaitezke, eta beste batzuetan nolabait olatua hartzen duzunean eta erritmo horren gainean zoazenean, eta hitzak isuriak datozenean, eta forma hartzen dutenean, eta zentzua hartzen duenean egin nahi duzunak, ba asko engantxatzen duen sentsazio bat da: «jo lortu dut hitzez harrapatzea hain abstraktua dirudien zerbait».
Zer ekarpen egiten dio Uxue bertsolariak Uxue idazleari (edo alderantziz)?
Ekarpen asko batak besteari: Hitza erraminta da, edo materiala, hitzarekin eta hizkuntzarekin, euskararekin lan egiten dut eta beti gabiltza gauzak nola esan ahalik eta zehatzen, ederren, benetakoen…
Beste alde batetik, nik beti pentsatu izan dut agian idazleagoa naizela bertsolaria baino, behar dudala bakartze hori, istorioei bere denbora emate hori, eta abar, baina Uxue bertsolariak paseatzera ateratzen nau, eta sozializatuarazi egiten dit, eta on handia egiten dit jende artean egoteak.
Gero, kantatzea izugarri gustatzen zait, kantua eta bertsoa arnasa hartzeko modu bat dira, sendatu egin nauena nolabait. Eta komunikazio hori, kantuzkoa, bapatekoa, beste kide batzuekin batera egiten den elkarrizketa inprobisatu hori iruditzen zait zoragarria dela bere horretan. Bestalde, bertso-saioek, irakurle taldeek, mahai-inguruek, eta abarrek ematen didate dirua ondoren pentsatzera, idaztera, eseri ahal izateko.
Esango nuke nire kasuan bi ofizio direla elkar osatzen dutenak modu oso egokian, eta esango nuke nire kasuan, nire baitan elkar osatzen duten bi identitate, eta bi plazer, eta bi mundu direla ze nire lagunik handienak ere bertsoaren, literaturaren eta komunikazioaren mundukoak dira gaur egun, bizimodu oso bat eman didate.
Dendaostekoak, apirilaren 24an, asteartearekin, 18:30ean Lizarrako liburutegiko sotoan.