Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztearen hitzekin gozatuko dugu Kotarro aldizkariko atal honetan, berak idatzitako ipuinen bitartez. Txikitatik datorkio idazteko afizioa, irakurtzeko afizioarekin batera. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi, lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen arte. Ager Vasconum literatur lehiaketan saritua izan da 2018, 2021 eta 2022 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.
Kotarro aldizkariaren 61 zenbakian argitaratu zuen bere lehen ipuina guretzat, eta horrek eman dio izena atal berri honi: 5 hitz. Kotarro 64 honetan, laugarren alea: «Izpiek gorputza ukitzen dutenean».
Izpiek gorputza ukitzen dutenean
Ez dago eguzkiak eskaintzen duen berotasuna baino gauza pozgarriagorik. Berotasun horrek ematen duelako arropak eranzteko aukera, azala eguzki-izpiekin kontaktuan jarrita eta haren zuritasunak kolorea (batzuetan gorri) hartuta. Eguzkia alegrantziarekin lotze hori zerbaitengatik da, azken finean.
Hego-haizeak gogor jotzen duen egun honetan nahikoa dut bere dantzan murgilduta egiten duen tenperatura goxoaz gozatzea. Udaberria heltzekotan dela dio aurikularretatik entzuten dudan irratiko emakumeak, eta astean zehar eginen duen eguraldiaz hitz egiten hasten da hurrena. “Eguzkia denean, dena dirudi positiboagoa”, dio bere kideak, eta barrezka hasten dira biak, erran gabeko broma bati jarraika bezala.
Unibertsitatera egiten dudan bideak zer pentsatu ematen dit. Beti dago hausnarketarako egokia den momentu bat egunean zehar, eta normalean gisa honetako unetxoak izaten dira, non detaile txikienak ere deitzen duen nire begien arreta; izan daiteke eguraldia edo, ni bezala, bere garuneko pentsamenduekin jolasean dabilen jendea.
Pentsatzen dut nire lagunengan, nire ikasketetan edota nire familiarengan. Baina neure buruarengan ere pentsatzen dut, ezer baino gehiago; zer nahi dudan eta nola lortuko dudan nahi dudan hori. Batzuetan lehia egiten dut neure garunarekin, beharrak, nahiak eta desioak kontrajartzen direlako. Beharrezkoa dudan zerbait nahi ez izatea (eta kontrara) liskar handia sor dezake nire baitan. Neure buruari eta gorputzak eskatzen didanari arretaz entzutea da orduan aterabidea.
Eguzki-izpi batek begian jo dit zuzenean bat-batean, eta nire hausnarketaren noranzkoa aldatu. Begiak ixten ditut automatikoki, eta D bitamina xurgatzeko prestatzen dira nire azaleko zelulak. Berandu noa klasera; instant luze batez horrela geratzea erabaki dut, ordea.
Onintze Arrastia