Diario de Noticias egunkariak “El TAN da la razón a Yerri al contratar a un animador social“-ren berri eman zigun azaroaren 7an. Azken epai honetan TANek Udalaren alde egin du eta besteak beste merezimendua aitortu.
Animatzaile Soziokulturalaren egitekoak dira, besteak beste, haraneko haurrekin lan egiten du, ludoteka zerbitzua eskaintzen du, liburutegia, ikasteko lekua…; haran osoan barna jarduerak antolatzen ditu herriz herri, haur, gazte zein helduentzat; mugimendu feministarekin gertutik lan egiten du, baita landa garapeneko funtzio ugaritan; Udaleko komunikazio arduraduna da; eta abar luzean jarrai dezakegu.
Bestalde, zer diote estatistikek Deierriko euskaldun kopuruaren inguruan? Bada, 2021eko datuen arabera, %18,0 euskalduna eta beste %16,2 nolabait ulertzeko gai direla. Hau da, Iruñerriko edota Lizarrako datuetatik gora. Eta, adinari erreparatuta, Deierriko datuak oso positiboak dira:
- < 30 urtekoen artean %44,0 euskaldun; %31,9-k nolabait ulertu; eta soilik %24,1-ek ez dute inolako euskara ezagutzarik.
- 30 < 54 urtekoen artean %17,8 euskaldun; %16,5-k nolabait ulertu; eta %65,7 erdaldun.
Deierriko udalaren azken urteotako bilakaera: 2015ean iritsi zen agintera Irantzu Herri Kandidatura eta, hain justu, urte berean hasi zen D eredua Abartzuzako eskolan, gerora 2019an Zumadia eskualdeko landa eskola bilakatuko zena, landa-garapenaren, Hezkuntzaren eta euskararen transmisioaren aldetik, proiektu guztiz estrategikoa. Gainera, proiektu horrek edukiz betetzen darrai, adibidez, 2021ean Bertsolaritza Irakaskuntzari ekin zioten. Bestalde, Udala kide den Irantzu Mankomunitatean 2016ko udan birsortu zen euskara zerbitzua eta Udalak berak 2018an onartuko zuen Euskararen Ordenantza, Lizarraldeko bigarrena Lizarraren ondotik.
Euskararen aldeko aurrerapauso horiek ez dira oztoporik gabekoak izan, esaterako, oposizio eskuindarrak bitan bederen jo du auzitegietara. Lehena, Deierriko euskararen ordenantzaren kontra (Zuzeun albistea: “Deierriko Euskararen Ordenantzak UPNren oldarraldiari ia osorik eutsi zion“) eta orain, Animatzaile Soziokulturalaren lanpostuan euskarari merezimendu izaera aitortu izanaren kontra.
Benetan harritzekoa da oposizioko alderdiaren euskarafobia, non halako eginbeharrak dituen lanpostu batean eta halako euskara ezagutza datuak eta bilakaera dituen lurralde batean, ez den gai euskara merezimendu ere onartzeko. Hizkuntza eskakizun txikiaren aurrean euskararen aurka itsu.