Ameskoako euskaraz idatzitako testu zahar bat agertu da

Eulateko San Joan ermita. Arg. E. Santazilia

Eulateko apez batek idatzi zuen, XVIII. mende bukaeran edo XIX. mende hasieran.

Aurkikuntza

Duela hilabete batzuk, Aingeru Irigarai (1899 – 1983) euskaltzain zenaren paperak Nafarroako Errege Artxibo Nagusira ailegatu ziren. Hori begiratzen eta katalogatzen ari ginela, tartean, eskuz idatzitako kristau dotrina anonimo zahar bat agertu zen, estalkian «Procede de Eulate» zioena.

«Hau hala bada, harribitxi baten aurrean nago», pentsatu nuen. Kontuan izan 2002an agertu zen Artatzako XVIII.-XIX. mendeko dotrina zatitxoa zela ordura arte Ameskoako euskararen lekukotasun bakar bezain eskasa.

Bada, irakurtzen hasi, eta… nire poza putzura, amets zoroen modura! Juan Irazusta gipuzkoarrak XVIII. mendean argitaratu zuen dotrinaren eskuzko kopia zen. Interesgarria bai, baina inondik ere ez Ameskoako euskara. Segur aski, horregatik ez zion Irigaraik aparteko garrantzirik eman.

Baina testuaren orrietan aurrera egin eta, bat-batean, eten bat dago. Une batetik aurrera, beste tinta bat, beste luma bat erabili zuen idazleak. Bestelako idazkera… eta bestelako hizkera! Bai mintzo berezia, Nafarroako eta ekialdeko ezaugarriak mendebalekoekin (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoekin) batera erabiltzen dituena! Hori bai, hori izan zitekeen, ustez behintzat, Eulateko ordu hartako mintzoa.

Egilea

Lehen lana, testu anonimo hori nork idatzi zuen jakitea. Testu erlijiosoa izaki, egilea apeza izan zitekeen. Parrokia liburuak izan ziren lan horretan lagun. Liburu horietan bataioak, ezkontzak, heriotzak eta bestelakoak eskuz apuntatzen dituzte parrokoek, eta sinatu. Aski zen, beraz, gure testuko idazkera eta mendez mende Eulateko parrokiako liburuetan idatzi duten apezena konparatzea.

Eureka! Letrakera, dudarik gabe, Juan Migel Gartzia de Bakedanorena da. Autorea Eulaten bertan jaio zen 1739ko maiatzaren 15ean. Aita Eulatekoa zuen eta ama, erditzean hila, Larragoakoa. Aitona-amonak ere, inguru horretakoak. Aita Eulateko beste emakume batekin ezkondu zen gero, eta ume gehiago izan zituzten. Ondoren, aita hil, eta amaordea berriz ezkondu zen. Haurtzaro zaila, Bakedanorena.

Gramatika ikasketak Lizarrako gramatika estudioan egin zituen, Teologia Gasteizen, eta Filosofia eta Morala Calatayuden. 1761ean kapilautza bat lortu zuen sorterrian, Larragoako elizan izan zen gero, eta handik Arabara salto egin zuen. 1767az geroztik Urabaingo eta Bikuñako parrokietan ibili zen. Ondoren jaioterriko parrokiara itzuli zen, 1796an uko egin zuen arte, bista eta erreuma arazoak tarteko. Ez omen zuen, edonola ere, ez eliztarrekin ez familiarekin harreman onik izan. 1820ko abenduaren 18an hil zen, 81 urte zituela, eta herriko San Joan Bataiatzailearen elizan (ermita gaur egun) ehortzi.

Eulateko euskara Dokumentuaren bost orritxoak, beraz, urregorria dira Ameskoako XVIII. eta XIX. mendeko euskara nolakoa zen jakiteko. Gainera, ezaugarri linguistiko berezi batzuk lehen aipatu dudan eta garai berekoa den Artatzako testutxoan ere badaudenez, orain seguruago jakin dezakegu benetan erabiltzen zirela Ameskoan. Baina testuko hizkuntza ezaugarri horiek ez dira, jakina, soilik Ameskoakoak. Hedadura desberdina dute, bai espazioan, bai denboran.

Hala, zenbat eta geografikoki hedatuago, orduan eta zaharragoak dira ezaugarri horiek. Batzuk, zaharrenak, mendebalde osoan zabalduak zeuden garai hartan: Bizkaian, Araban eta, neurri handi batean, Gipuzkoan, baita gaur egun bizirik dagoen Burundako hizkeran ere. Hala, gure testuan, hitz bat a-z amaitzean eta ondotik –a gehitzen zaionean, bi a horien bilkurak ea egiten du (eta gero –ia): Virginiaren dugu, Birgina + –aren delako batetik. Eben ‘zuen’ eta zan ‘zen’ bezalako aditzak, edo ondo bezalako hitzak (eta ez ongi) ildo berean doaz, Eulate mendebal zabalarekin lotuz. Ezaugarri gutxi batzuk, aurrekoak baino berriagoak, aldiz, Bizkaian ez, baina Araban eta Gipuzkoan erabiltzen ziren; adibidez, plurala behar denean, singularra agertzea: mundu gucico gauzac norc ein dau? (‘du’, ez ‘ditu’). Beste batzuk Burundan, Lanan eta Ameskoan baino ez ditugu; esaterako, ñ-rik eza: gainen (eta ez gañen).

Ameskoako mintzoan badira, jakina, mendebaldetik urrundu eta ekialde osokoak diren ezaugarriak ere, edo nafarrak baino ez direnak, baina ez ugari. Naiz ageri da, eta ez naz, esate baterako, eta Irugarna ‘hirugarrena’ bezalako sinkopak ere badira.

Ameskoagoieneko ezaugarri bereziak dirudite gure testuan *eradun saileko adizkiak soilik agertzea (draut eta ez diot), baita adizki horiek izan duten bilakaera ere, deraudazula bezalakoak dordazula ‘didazula’ bihurtuz. Orobat, –tzaite aditz izenak, mendebalekoak (bereziki Arabakoak) direnak, hitz luzeetan erabiltzea: ofrecizaiten ‘ofrezitzen’.

Labur esanda, ekialde / mendebalde nahasketa horrek definitzen du orduko Ameskoako hizkera. Ezaugarririk zaharrenak bi aldeetatik ailegatu ziren Eulatera. Berrikiago sortu zirenak, ordea, maila apalagoan iritsi ziren, eta mendebaletik batez ere. Une batetik aurrera, kanpoko eraginekiko isolamendua nabari da hango hizkeran: ez ziren XVII. mendetik aurrera ekialdean zein mendebaldean sortutako ezaugarri berrienak Eulatera ailegatu: zaharrari eutsiko zaio. Gainera, ezaugarri propio batzuk sortu zirela ematen du. Isolamenduak eta berrikuntza propioek, agian, ordurako euskara gainbeheran zegoela erakusten dute.

Eulate euskaldun

Euskararen gainbehera aipatu dudala eta, osasun horren berri izateko ere, baliotsua da testua. Frogatzen du XVIII. mende bukaeran eta XIX. mende hasieran bazirela euskaldunak Ameskoan, nahiz eta, ordurako, elebidunak ziren segur aski, eta euskara itzaltzen ari zen. Izan ere, bestelako iturriei esker, badakigu 1800. urtean Aranaratxeko Fernando Albizu Iturmendin apez aritzeko egokitzat jo zutela, besteak beste, euskaraz bazekielako. Hartara, dudarik ez dago gure autoreak etxetik zekarrela euskara, hangoa baitzuen familia, eta Araban ibili zenean ere hango parrokietan erabili zuela, herri horiek orduan euskaldunak ziren-eta.

Ameskoan, Larragoa lehenxeago erdaldundu zela dirudi, baina Eulatek, Burundarekiko loruraz edo, hobeki eutsi bide zion hizkuntzari. Bestalde, Bonaparte printzeak Bruno Etxenikeri 1863ko apirilaren 7an idatzi zion gutunean ziotsonez (frantsesetik itzulia): «ziurtatu didate Lizarrako partidu osoan Ameskoabarrengo herri hauetan baino ez dutela pertsona batzuek oraindik euskaraz egiten: Eulate, S. Martin, Ekala, Bakedao, Zudairi, Gollano, Urra, Barindano, Artatza».

Dokumentu honek, bada, Eulaten euskara bizi zela erakusteaz gain, euskara hori nolakoa zen jakiten ere lagundu digu. Testua bera irakurri nahi duenak, edo hemen aipatutakoez xehekiago jakin nahi duenak, aurten bertan Euskera agerkariaren 68-1 zenbakian atera dudan artikulu luzera jo dezake, interneten eskuragarri baitu.

Testuaren zatitxo bat, gaur egungo ortografiara ekarria.

Nere Jesukristo jauna, Jangoiko ta gizon berdaderua, nere kriadore ta erredentoria: berori danagatik, eta zeregatik amatze zaudan gauza guztiain gainen, damu dut, Jauna, damu dut bihotz guztiz berori ofenditzaitia. Emaite draut hitz ez iau ofenditzeko, eta konfesatu ta kunplitzeko emaite dordain penitentzia, eta apartatzaiteko bekatuaren okasio guztietati: Eta ofrezitzaite draut nere bizia, obrak ta trabajuak, bere Pasio Santuareki batera, nere bekatuain satisfaziorako. Esperantza daukat barkatuko dordazula guztiak, eta emonen dordazula grazia agintzaite dudan hau kunplitzaiteko.

Orrialde honetan hizkera eta idazkera aldatzen dira. Iturria: NEAN, Irigarai funtsa, 1. kaxa, 3. karpetatxoa, signaturarik gabe-4

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena