Lehenbizikoz Garean Euskaldunon Elkarteak liburu bat ekarriko du argitara, Estellerriko euskararen hiztegia, eta horrekin gaur egungo irakurleei eskura jartzen dizkie gure eskualdean gorde diren bertako euskararen lekukotasunak.
Testigantza hauek, ele hauek, bertan mintzatu ziren herritar horien euskarazko hitzak dira; hiztegiak landako jendeak gorderik zituen landare- eta leku-izenetatik edaten du, egungo gaztelanian ezkutaturik bizi diren euskarazko hitzetatik (hondarreko euskara), idatzita aurkitu diren testu luzeetatik (Muzkiko dotrina eta sermoiak, Mañeruibarko eta Deikazteluko sermoiak) eta testu laburretatik (Eraulgo ezkontza-gonbita, Zufiako ezkontza, Ollogoien eta Barbaringo esaldiak).
Deierri izan zena, nolabait, Estellerri bilakatuko zen hiriaren sorrerarekin. Mendetan goi nafarreraz mintzatu ostean, euskalki honek XIX. mendean zehar emango zituen azken hatsak Egaren bazterrotan, hiztunek beren hizkuntza belaunaldi gazteenei transmititzeari uko egingo zioten agintarien, instituzioen eta boteretsuen zigor, debeku eta, oro har, presiopean, etxeko hizkuntza desprestigiatuz, plaza publikotik baztertuz eta ilunpera zokoratuz.
Baina, gaztelanian gorderik hondar euskara babestu zen bezala, Estellerriak ez zuen guztiz ahaztu bere identitate euskalduna. Hala, XX. mendearen lehen erdian saiakera ausartak egin ziren, berriro ere errepresioak itzaliko zituenak, baina, azkenik mende honen azken partean aukera-lehioa zabalduko zituzten herriaren aldarrikapenek, borrokak eta lanak: Ikastola, gau eskolak, Institutua, Remontibal, haur eskolak, Garean, landa eskolak… Mende erdi eskasa baino ez, baina nahikoa biztanleen laurdenak euskara ikas dezan, hamarretik bat euskaldun, eta biziberritze prozesu horretan izendapen berria sortuko zen: Lizarraldea.
Bi norabidetako hiztegia da, Estellerriko euskaratik estandarrera doana eta euskara estandarretik Estellerrikora, erabiltzaileak behar dituen kontsultak erosotasunez egin ditzan. Lizarraldeko herritarrentzat tresna izan daiteke, euskal identitatearen sustraiak sakontzeko edo mintzatzen duen euskara aberasteko hitzak edo moldeak adopzioan hartuz.
Hiztegia 25 euroan aterakoa da eta datorren astean zehar iritsiko da Lizarrako liburu-dendetan.