Nola komunikatu? Euskarri bakarra elebiz ala bi, hizkuntza bakoitzean bat

Erakundeak etengabe ari dira haien jarduna komunikatzen. Maiz, jakinarazten den horrek ez du herritarrengan interesik pizten eta bide laburreko ekintza komunikatiboak dira, baina zenbaitetan gizartearen interesa pizten dute eta komunikazioa bolo-bolo ibiltzen da sare sozialetan.

Azken urtebetean, besteak beste, Lizarraldeko Udalen lanpostu deialdi txikiak (PDF formatuan zabaldu dira), Oinez festaren atzeratzea (bideoz), pailazoen zentsuraren ondorioz sortutakoak, udalen bando batzuk (Koronabirusaren inguruan informazioa emanez) eta bestelako udal-komunikazioak (kultur ekitaldien iragarkiak)… izan dute arrakasta-komunikatiboa. Denek zuten komunean era antolatuan iragarri diren notiziak direla. Hau da, zer eta nola esan erakundean pentsatu, erabaki eta egin dela.

Kasu gehienetan informazioaren iturria osatuagoa izan arren bolo-bolo ibili dena fitxategi bakarra izan ohi da: kartel bat, pdf artxibo bat (bandoetan), bideo bat, argazki bat… eta euskarri gehienetan testuak edo ahotsak ezinbestekoak direnez, hauetan hizkuntza politika erabaki behar izan da. Jakina, kezka hori erakunde eta eragilerik arduratsuenek dute.

Erakundeak edo komunikazioa sortu behar duen langileak aurretiazko jarrera ezberdinak izan ditzake eta baliteke erakundean bertan honen gaineko irizpideak erabakita izatea ere. Nolabaiteko sailkapen bat eginez:

  • Euskara?
  • Euskara oztopo da: betetzen duen espazio horretan gaztelaniazko informazio gehiago sar dezaket, irudi bat, edo gaztelaniazko testua hizki-tamaina handiagoan jarri
  • Herritarrak eskubidea du informazio bera bertako bi hizkuntzetan jasotzeko
  • Herritarrari komunikatu, bai, baina euskara ere bultzatu nahi dut
  • Herritarrari euskaraz komunikatu: interesa duen erdaldunak baditu doako eta emaitza duina duten itzulpen-tresna digitalak mobilean eskura

Pentsa dezagun erakundeak euskara eta gaztelania erabili nahi dituela, eta ahal dela pisu bera eman nahi diela bi hizkuntzei. Ohiko zalantza bat izaten da kartel, bideo, PDF… bakarra egitea edo bakoitzetik bi, bata euskaraz, bestea gaztelaniaz. Tamalez, horrek ondorio garbia eragiten du Lizarraldean, euskarazko euskarriaren zabalpena eremu zehatzetara mugatzen da. Egin dezagun ariketa:

Suposatuko dugu herritarren %50 euskalduna dela (baikorra Lizarraldearekin alderatuta) eta %50 erdalduna (erdaldunak berez denak dira, baina ariketarako adieran euskaraz ulertzen ez duena). Erakundeak bando, kartel, bideo… beraren bi bertsio, bi “fitxategi”, sortu ditu. Bata euskaraz, bestea erdaraz, eta erakundetik egindako lehen bidalketan erabaki du kontaktu guztiei whatsappez bi fitxategiak bidaltzea aldi berean, euskaraz eta gaztelaniaz.

  • Herritar bakoitzak beste bi kontakturi bidaliko dio fitxategia, baina bakarra, nork bidaltzen ditu kartel/bideo/pdf beraren bi fitxategi?.
  • Herritar euskaldunak lana hartuko du eta bere kontaktu euskaldunari euskaraz, erdaldunari erdaraz, bidaliko dio.
  • Herritar erdaldunak, aldiz, jokabide ezberdina izanen du: soilik erdarazko komunikazioa birbidaliko du. Euskarazkoa ez du ulertu eta, gainera, ez daki bere kontaktuen artean nork dakien euskaraz.

Emaitza? Erakundeak egin bidalketatik aurrera, bi birbidalketa eman direnean, 12 lagunek jaso dute kartela/bideoa/pdf-a, eta erdia euskalduna izanik ere soilik 2k jaso dute euskarazko fitxategia. Hau da, euskarazko komunikazioa soilik euskaldunen artean (gutxi) batzuek jasoko dute, eta beste guztiek gaztelania hutsez jasoko dute. Pentsatzekoa da honakoa areagotuko dela kontaktua pertsona bat izan beharrean whatsapp taldea bada.

Lizarraldearen moduko eremu batean, erakunde publiko elebidunen aldetik irizpide nagusia beharko luke modu independentean zabalduko daitekeen irudia, pdf-a edo bideoa elebiz egitea. Eta, erakundearen aukeren arabera, aztertzea elebiko komunikazio-euskarriaz gain euskara hutsezko bat sortzea eta euskarri elebidunean eusakarari lehentasuna ematea. Zergatik?

  1. Herritarrek komunikazioa bi hizkuntzetan jasotzeko berme handiagoa ematen duelako.
  2. Euskararen prestigioa sustatzeko: batetik, euskalgintzatik edo “euskal” haratagoko erakundeek (toki administrazioak, ikastetxeak, kirol elkarte edo klubak, elkarte gastronomikoak, gizarte eragileak…) haien komunikazioan euskara eta gaztelaniari garrantzi bera emateak prestigioa ematen dio euskarari (“euskara komunikaziorako beharrezkoa da” mezua), eta, bestetik, erdaldunari gogoratzen dio bertako bi hizkuntza daudela (eta hau ez da gauza txikia. Erdalduna euskararik gabe bizi daitekeelako eta euskalduna ez).
  3. Euskararen erabilera sustatzeko: hutsezko komunikazioa ere sortzea herriko “euskararen arnas-txokoak” indartzeko aukera emango luke: mintza-taldeak, euskaltegiko ikasle-irakasle taldeak, euskara elkarteko taldea, e.a…; eta, bestalde, euskarri elebidunean euskarari lehentasuna ematea.

Jakina, erakundearen izaeraren araberakoa (euskalgintzaren kide den ala ez) edo bere baitako oreken arabera (elkartearen edo udalaren baitako jarreren arteko oreka adibidez).

Honakoa sinplifikazio interesatua da, baina ez dirudi Lizarraldeko errealitatetik oso urrun dagoenik. Komunikazio bakoitzaren egoera aztertu badaiteke ere, irizpide orokor gisa “bizitza independentea” izan dezakeen euskarri komunikatiboa elebiz egon beharko luke, ahal dela euskarari lehentasuna emanez, eta erakundearen euskaltzaletasunak eta horretarako gaitasunak ahalbidetuko balu, baita euskara hustezko komunikazioa ere.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena