Montejurra Bizi elkartea, mendi “sakratua” ezagutzeko beste modu bat

Jurramendi edo Montejurra mendi ezaguna da, urrunetik ikus daiteke eta urrunera begiratu daiteke bertatik. Ebro harana, Errioxako mendiak, Moncayo, Pirinioak, inguruko Urbasa-Andia, Lokitz eta haien artean ageri den Beriain, Ioar…

Gertakari historikoek ere blaitu dute gure talaia. Hala, nabarmena da Karlismoarentzat izan duen garrantzia, besteak beste Karlistaldietako gudu-zelai garrantzitsua izan zen Lizarraldea eta baita mendia ere, azpimarratzekoa izanik 1873ko bataila handia. Ondoren, Frankismo betean, erromesaldi oso jendetsuak egin zituzten Karlistek, eta aro honen amaiera aldean errejimenaren aurkako protestaldi bilakatu ziren. Hala, Trantsizio deituriko horretan Jurramendiko hilketen pasarte iluna jazo zen. Honakoa Argia aldizkarian zorrotz aztertuko zuten …eta hiltzen jarraitu zuten erreportajean, bertan ageri dira Estatuko aparatu ilunen parte hartzea hilketetan.

Ez da harritzekoa, beraz, Jurramendik Karlismoaren historian izan duen garrantzia ikusirik,  Lizarrako Karlismoaren museoan Jurramendi. Mendi Sakratua erakusketa egin izana, aurreko loturan erakusketaren dosier osoa dago ikusgai.

Jurramendiko 1976ko gertakariak. Carlos Corchoren argazkia

Historian jauzi egin eta aro garaikidera etorrita, Jurramendi mendizaleen eta ehiztarien erresuma bilakatu da. Edozein kasutan, ez dira hauek gizakiak bertan duen eragin bakarrak, mendiak bere baitan gordea baitu Espainiar armadaren tiro-eremua, maiztasunez erabiltzen duena. Gaia “Jurramendi: heriotza praktiketan” artikuluan jorratu zen Kotarron.

Edo, mendiaren magalean dagoen Azketa herrian egin asmo den lohien konpost planta. Biek hala biek kezka, ezinegona eta protestak piztu dituzten herritarren artean eta baita bestelako ekimen administratiboak, hala nola Montejurrako paisaia berezia babesteko hitzarmena inguruko udalen eta Nafarroako Gobernuaren artean, akordio horrek helburu du eremuaren babesa eta erabilera arautzeko plan bateratua osatzeko oinarriak ezartzea.

Jurramendiko puzzle honetan, beste pieza baten berri izan dugu: Montejurra Bizi elkartea. Gure mendiaren hegoaldean dauden Arellano eta Deikazteluk abiatu zuten elkartea eta webgunea, eta orain egun gutxi batu zaie Lizarrako Udala. Orain arte bereziki mendiaren hegoalderako proposamenak egin dituzte natura bideen sarea osatuz: familientzako ibilbideak, mendizaleentzako, northic walking, MTB edo Trail running.

Edozein kasutan, ibilbideek protagonismo berezia badute ere, webgunean informazio ugari topatuko duzue herriotako zerbitzuekin: ostatuak, dendak, jarduerak, jatetxeak, bestelako zerbitzuak…

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena