2016-2017 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak abiatu du bere bidea, zabaldu da izena emateko epea eta Euskal Herriko euskaltzale guztiei egin nahi diegu proposamena: astean ordu betez beste pertsona batekin elkartu eta euskaraz aritzeko agendan tartetxo bat egitea. Izan ere, urteetako esperientziak erakutsi du askok egunerokotasunean euskaraz bizitzeko saltoa eman dutela, bidelagun izan dituzten mintzalagunei esker.
Izen ematea doakoa da eta, gauzatzeko, ezin errazagoa: Izen emate fitxa bete eta Lizarra (Beinat Etxepare AEK euskaltegia, Udaleko Euskara Zerbitzua), Gares (Errobi AEK euskaltegia, Udaleko Euskara Zerbitzua) edo Aritzalan (Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan) utzi. Izen ematea urri bitarte.
– Astero 6000 Mintzalagunek baino gehiagok euskaraz bizitzearen alde eragiten dute, elkarrekin ordubetez euskaraz arituz.
– Mintzapraktika egitasmoa urtez-urte hedatuz doa. Aurten 23 herri eta eskualdek parte hartuko dute kanpainan.
– Mintzapraktikan parte hartu duten gehienek errepikatu egin dute, euskara aisialdian eta lagun giroan praktikatzeko esperientzia hau atsegin dutelako.