Maddi: «Beti idazten dut itotzen nauen sentimendu bat ateratzeko». Amaitasuna deituriko bere lehen diskoa aurkeztu du kantari lizartarrak. Onintze Arrastia Mauleon
Maddi Etxeberria Lopetegi Lizarrako abeslariak zazpi kantuz osatutako disko berria aurkeztu zuen azaroaren amaieran. Amaitasuna izenarekin, maitasuna eta amaieraren arteko loturak bilatzea du xede. Urtarrilaren 24an, ostirala, kafe-kontzertua eskainiko digu Garean eta La Botaren eskutik La Bota Peñan Baku Barrikupelen laguntzarekin.
Amaiera eta maitasuna hitzen loturatik dator Amaitasuna izena. Nola azaltzen duzu lotura hori?
Azken hiru urteetan izan ditudan esperientzia ezberdinengatik, asko pentsatu dut maitasunaren amaieran, noiz eta nola amaitzen den eta amaierek maitasun handia izan dezaketela beren baitan. Iruditu zitzaidan diskan aterako ziren kantu guztiek horri buruz hitz egiten zutela modu batean ala bestean eta horregatik aukeratu nuen izenburu moduan.
Gitarraz lagundurik kantatzen dituzu abestiak. Hala ere, doinu elektroniko batzuk ere nabarmentzen dira zenbait abestitan. Zer dela eta hori?
Gitarraz konposatzen dut beti, baina nire buruan abesti batzuk imaginatzean soinu elektronikoz imaginatzen nituen. Atmosfera zabal eta onirikoak sortu nahi nituen, kanta horien mezua askoz fidelago adierazteko. Gitarrarekin beti ibili naizen arren, izugarri gustatzen zaizkit soinu elektronikoak eta mota guztietako esperimentazioak, beraz asko gozatu nuen arlo honetan ere bilatuz.
Noiztik datorkizu afizio hau musikarekiko?
Musika eskolan zorte handia izan nuen irakasle on eta jatorrak izan nituelako eta etxean ere artearekiko jakinmina izan dugu. Instrumentu bat jotzearen alderdi fisikoa asko gustatu izan zait beti, baita soinuen arteko konexioak eta emozioetan duten eragina ikustea eta ulertzea ere. Horren bueltan jende jatorra izateak eta aurkitzeak mantendu dit berekiko maitasuna.
Diskoa osatzeko prozesuan, nor izan duzu lankide? Noren laguntza eskertzen duzu?
Yoel Molinak lagundu zidan alde elektronikoarekin, lau abestitako produktore moduan, eta beste hiru, gitarra klasikoaz grabatuta, Julen Urzaizek ekoitzi ditu. Horrez gain, Felix nire anaiak tronpeta-solo bat dauka abesti batean, eta Ane Álvarez de Eulatek egin zidan diskoko arte-zuzendaritza. Denekin izugarri eskertuta nago, laguntza eta laguntasunagatik.
Zein abeslari edo musika-estilo izan dituzu inspirazio-iturri bezala?
Diskako gitarra klasikoko alderdian, Juanito el Cantor eta Lau Noah izango lirateke ziur aski inspirazio nagusiak. Eta elektronikoan Bronquio, Maria Arnal eta Casapalma, batzuk esatearren.
Badago zure islarik abestien letretan?
Bai, guztietan. Beti idazten dut itotzen nauen sentimendu bat ateratzeko, beraz mezua guztiz barnekoa eta pertsonala da. Forma eta idazteko modua ere nire guztizkoak dira, hitz jokoak eta poesia onirikoa asko gustatzen baitzaizkit, emozionatu egiten naute.
Nori eskaini nahi diozu diskoa?
Nire ondoan dauden eta egon diren guztiei eta ekintzaile-sortzaile euskaldunei.