Euskararen memoria guneak: «Kaputxinoen komentua»

Kaputxinoen komentua XX. mendearen hasieran.

Kotarro aldizkariko Euskararen memoria guneak Estellerrian atal finkoari 68. Kotarron (2024) ekin genion. Lehenbiziko ale hartan Bargagorria izeneko kokalekuari eta toponimoari buruz aritu ginen eta, hain zuzen ere, Bargagorria ezizenez idazten du gure kolaboratzaileak.

Atal honen asmoa da gure eskualdean euskarak utzitako aztarnak eta lekuak lotzea, euskararen memoria-lekuak identifikatzea eta poliki-poliki bertako euskaldun euskaltzaleen identitatea sendotzea toki fisikoak eta historia lotuz. Kotarro 69 honetan «Kaputxinoen komentua» ezagutuko dugu.


Kaputxinoen komentua

XII. mendearen bukaeran eraiki zen Rocamadorreko Andre Mariaren basilika. Eta XX. mendean, kaputxinoen komunitate bat kokatu zen bertan.

Mende haren lehenbiziko urteetan, komentua aita Evangelista Iberokoak zuzendu zuen, euskal kulturaren sustatzaile nabarmenak. Giro euskaltzale horrek, Lekarozko kaputxinoen eskolarekin batera, eragina izan zuen Lizarran jaiotako kaputxino batzuengan: Hilario Olazaran —konpositorea eta musikologoa, besteak beste, txistua erakusteko lehenbiziko metodoaren egilea—, horren anaia Augustinus Lizarrakoa, Bernardino Lizarrakoa —historiografia abertzalearen klasiko bat den Historia Vasca (1931) lanaren egilea—, eta Aita Gumersindo Lizarrakoa, den-denak euskal hizkuntza eta kulturaren ikerketan eta zabaltze-lanetan aritu baitziren.

Horretaz gain, bere seminarioan —1903an «Escuela Seráfico Capuchina» izendatua, «Instaurare in Christo Euskeriam» lelopean—, euskara eskolak eskaini ziren 1903tik 1906ra bitarte.

Beraz, egun, Museum Oteiza-Ciriza proiektatzen den lekuan euskara ez da arrotza izan. Espero dugu, hortaz, museum hori museoa ere izatea.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena