Ager Vasconum literatur lehiaketaren hamargarren urteurrenean, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko gazteek idatzitako euskarazko ipuin zein poemak biltzen dituen liburua aurkeztu zen azaroan Tafallan. Onintze Arrastia Mauleon.
Euskaraz idaztea tranpa setatia dirudien honetan, gazte izanik ametsak betetzea ezinezkoa dirudien honetan; oro har, etsipenak eta utzikeriak sorkuntzarako aukera zapuzten duten honetan esperantzarako aukera badagoela erakutsi dizkigute Ager Vasconum-eko hamar urteek. 2014. urtean eman zitzaion hasiera lehiaketari, orduan, aukera berri bat eskaini zitzaien gure zonaldean bizi diren gazte sortzaile euskaldunei.
Hamar urte eta gero, edizioz edizio irabazle ateratako ehun ipuin eta poema baino gehiago biltzen dituen liburua kaleratu da. Horrez gain, hainbat urtetako sari-banaketetan ateratako argazkiak ere gordetzen ditu liburuak. Ager Vasconumen historia laburrak gogoratzeko zenbait momentu utzi dizkigu proiektuaren parte izan garenontzako, bai eta euskal-literaturaren munduaren parte direnentzako ere.
Idaztea prozesu bat da. Hitzetatik abiatuz, zerbait esateko parada bat eskaintzen dizu idazketak. Edozer esateko aukera. Bitartekoa? Gure hizkuntza den euskara. Eta zer izan daiteke hori baino hezitzaileagoa D ereduaren parte izan garen —inguru erdaldun batean— eta euskararen eredu ezin instituzionalagoa jaso dugun gazteontzako? Euskaraz idaztean euskararen parte sentitzen zara.
Euskarak lekurik ez duen hamaika tokitan badago grin sortzaile bat; gauzak kontatu nahi dituena, esaldiez orri zuri bat bete nahi duena, ametsei eta desirei forma emateko gai dena. Lizarran, Lodosan, Tafallan, Vianan, Zangozan, Oliten eta abarren dauden idazle gazteek badutelako zer kontatu.
Ez gaitu inork bortxaz jarri hemen —beno, agian irakasleren batek derrigortuta bai—, ez gaituzte eredu kontsumista burugabearen parte diren iragarki koloretsuek erakarri. Ezerk erakarri bagaitu, agian saria liteke —euro batzuk ez datoz batere gaizki gazte garenontzako—. Ordea, aitzakia hori dela medio, gure talentu hau garatzeko bidean, ez da aitzakia makala ez.
Ager Vasconum aukera bat da. Aukera bat da euskal-literaturarako, baina batez ere Nafarroako zonalde honetan bizi garenontzako, gure kultura aberasteko pizgarri moduan funtzionatzen duelako. Hamar urte bete dituen lehiaketak etorkizun oparoa du aurretik.
Hemen Maddiri elkarrizketa, sortzaile musikar gaztea: «Beti idazten dut itotzen nauen sentimendu bat ateratzeko»