Lizarran kantuz: hileroko hitzordu bat baino gehiago

Datorren larunbatean Lizarran Kantuz izanen dugu giro berezi batean: San Andres ganadu ferietako egitarauaren barruan. Hori dela eta, ezohiko ordutegian eginen dute karrika kantuzaleek, eguerdi partean.

Lizarran Kantuz ekimen beteranoa dugu. Lehen aldiz 2007ko ekainaren 23an atera zen plazara, Rafa eta Isabelen musikarekin eta Luisferrek gidatuta. Egun, Koldo Viñuales dugu gidari. Hileko azken larunbatean atera ohi dira, ia urte osoan zehar, nahiz eta zenbaitetan jaiegunengatik salbuespenak egin.

Hileko Kantuz saioaz gain, badira bestelako ekimenak ere. Esaterako, entseguak egiten dituzte Lizarra Ikastolan ortzegunero, 19:00etan. Kantuzen bezperan, entsegua ortziralera aldatzen da, musikariekin aritzeko. Gainera, Lizarraldeko beste Kantuz taldeekin, eta Euskal Herrikoekin ere harremanak egiten dituzte. Hala, Lizarran Kantuzeko lagun talde batek “Plentzia kantagune taldeak” eginiko gonbidapenari baiezkoa eman, eta bisita egin zion 2022ko irailaren 9an. Lagunarte ederrean eman zuten eguna eta Fermin Balentziarekin partekatu zuten bazkaria.

Lizarran Kantuz Plentzian

59. Kotarron elkarrizketa egin genion Koldo Viñualesi, hona hemen erantzunak:

Antolatzaile gisa, zertan datza zure lana Lizarran Kantuzen?

Kantuz bat prestatzea ez da soilik abeslarien eta musikarien arteko koordinazioa, askoz konplexuagoa da. Aurretik kantuen aukeraketa egiten da, aski ezagunak diren kantuak eta berriak tartekatuz. Entseguetan kantak lantzen dira eta partaideei horien bideoak bidaltzen dizkiegu etxean entzuteko. Kantuz egunean abestien zerrenda banatzen da, kantaldian laguntzeko.

Aspalditik hileko azken larunbatean Baxe Nafarroa kalean biltzen garela. Hala ere, euskara eta euskal kultura bultzatu nahi duten taldeengandik eta elkarteetatik beti hurbil egon garenez, kantaldi bereziak ere antolatu izan ditugu: Inauterietan, herriko jaietan, gazteek antolaturiko Euskal Herria egunean, Abenduko Euskararen egunean…

Jarduera ikusgarria da, Ega hiriko erdiguneko karrika eta plazetan euskaraz ibiltzen dena. Parte hartzaile askok, baina, ez dakite euskaraz, Kantuzek zer ematen dio euskaldunei eta erdaldunei?

Nahiz eta Kantuzen euskaldunen kopurua oso handia ez izan, euskal giroa sortzeko ahaleginak egiten ditugu. Euskaldunok karriketan euskaraz ozen aritzen garen bitartean, erdaldunak kantuen bidez murgiltzen dira euskal munduan.

Euskaldunok betidanik gustuko izan dugu bazkalondoetan, tabernetan eta jaietan kantu zaharrak abestea. Euskara galdu den herri bateko karriketan euskal kantak entzutea gauza zoragarria da eta entzule askorengan euskal sentimendua berpiztu egiten du. Bisitariek askotan gurekin kantatzen dute eta baita txaloka agurtu ere. Kantuen bidez euskaldunen arteko mugak desagertzen dira.

Bitxikeriren bat gertatu al zaizue inoiz?

Agian gehien harritzen gaituena jaietako Kantuzen herritarren parte hartze handia izan da. Horietan, hunkitu egin gaitu euskaltzaleek Xalbadorren Heriotzean, Erribera edo Eperrak zer nolako zirraraz abesten dituzten entzuteak.

Etorkizunari begira, asmo bereziren bat al duzue?

Azken urteotan, Lizarraldean, Kantuzak herri askotara zabaldu da, Oteitzan, Lerinen edota Villatuertan aritu gara. Hala ere, gazteen falta sumatzen dugu. Bestalde, azken boladan ezin izan dugu entseatu, baina martxoan berrekin diogu eta ostegunero 19:00etan Ikastolan biltzen gara. Azkenik, gure kalejirak alaitzeko musikariak behar ditugu. Bertako akordeolariei eta trikitilariei deialdi berezi bat luzatu nahi diegu duela 17 urte martxan jarri zen Lizarran Kantuz eder hau gal ez dadin

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena